MAIALEN MUSATADI / 2020-01-27/ Lan istripuen ondorioz hildako 30 pertsona izan ziren 2019. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). 26 langile lanaldian zeudenean hil ziren, eta beste laurak, aldiz, lanera joaten edo itzultzean.

Hala jakinarazi dute astelehen honetan, Bilbon, Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziako sailburuak, Jon Azkue Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak eta Alberto Alonso Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, 2019ko itxierari dagozkion ezbehar kopuruari eta gaixotasun profesionalei buruzko datuen berri emateko agerraldian.

Horrela, datu nagusienen artean, EAEn dauden ia 940.000 afiliatuen artean, baja eragin zuten 38.995 istripu izan ziren joan den urtean, 2018an baino % 9 gehiago. Berriz gaixotzeak alde batera utzita, 37.106 istripu berrietatik 36.870 arinak izan ziren (% 99,36), 206 larriak (% 0,55) eta 30 hilgarriak (% 0,08). Iaz hildako 30 pertsonetatik 17 arrazoi traumatikoengatik hil ziren, eta 13 ez traumatikoengatik.

Lan istripu guztien artetik 33.007 lanaldian gertatu ziren, eta 4.099 lanera joatean edo bueltatzean. Lanaldian izandako 33.007 istripuetatik 32.819 arinak izan ziren, 162 larriak eta 26 hilgarriak; lanaldian izandako istripu hilgarriak 2018ko 34tik 2019ko 26ra murriztu dira. Lanera joatean edo itzultzean izandako 4.099 istripuetatik 4.051 arinak izan ziren, 44 larriak eta lau hilgarriak.

San Josek bere hitzaldian adierazi duenez, intzidentzia tasak “ikuspegi hobearekin” islatzen du istripu tasaren bilakaera; intzidentzia tasak istripu kopuru absolutua eta jardunean dauden langileen kopurua lotzen ditu.

Ildo horretan, sailburuak adierazi du aVliatutako 1.000 pertsonako 35,26 istripu erregistratu zirela iaz, hau da, 2018an baino % 6,9 gutxiago. Bere esanetan, datu horrek istripu tasaren jaitsiera erakusten du, hau da, “langile batek istripu bat izateko duen arriskua txikiagoa” dela.

Eragileak eta osalan

Laneko arriskuen prebentzioan lortzen dena, arlo honetan “prebentzioa bultzatzeak duen garrantzian inplikatuta eta kontzientziatuta dauden eragileen esfortzuari esker” lortzen dela aitortu du sailburuak.

Aldi berean, langileen segurtasuna eta osasuna sustatzeko etengabeko lana osatzen duten Osalanen ekintza sorta gogoratu du, laneko arriskuen prebentzioaren printzipio orokor gisa ulertuta: lanetik eratorritako arriskuak ezabatzea edo murriztea, parte hartzea bultzatzea eta, arlo horretako prestakuntza eta informazioa ematea.

“Legegintzaldi honetan, Osalanek 6.000 langile baino gehiago prestatu ditu prebentzio ordezkari gisa, eta beste 3.000 baino gehiago joan dira erakundeak lan osasunaren arloan antolatu dituen ikastaro eta jardunaldietara”, esan du.

Egilea Andoni Beitia