Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Euskadiko langileen %61,1ek hitzarmena eguneratuta amaitu du 2019an

MAIALEN MUSATADI / 2020-02-03/ Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langileen % 61,1ek hitzarmena eguneratuta zeukala amaitu zuen 2019. urtea. Portzentaje horretan sartzen dira iaz itunpeko irakaskuntzan, ikastoletan eta Bizkaiko industria siderometalurgikoan lortutako akordioak, aldi horretan erregistratzeke geratu diren arren, Lan Harremanen Kontseiluak plazaratu duen 2019ko azaroko eta abenduko txosten soziolaboralaren arabera.

Dena dela, hiru hitzarmen horiek kontuan hartu gabe ere, EAEko langileen % 51,6k, hau da, guztira 311.814 pertsonak, hitzarmena eguneratuta zuten, hau da, azken bost urteetako ehunekorik altuena. Negoziazio kolektiboaren eraginpeko gainerako biztanleei dagokienez, 202.216 pertsonak (% 33,4k) hitzarmena luzatuta eta berritzeke dute, eta beste 90.918k (% 15) hitzarmena iraungita eta berreskuratzeke.

Lan Harremanen Kontseiluaren txostenaren arabera, 2019an indarrean zeuden hitzarmenen batez besteko soldata igoera % 2koa izan zen EAEn, eta urte horretan erregistratu zirenena, aldiz, % 2,25ekoa. Abenduan, KPIaren urte arteko igoera % 1,2koa izan zen, eta batez besteko inYazioa urte osorako % 1,0koa.

Bestalde, jakinarazitako kontratazioa gehitu egin zen abenduan, baina urte osoari erreparatuta izenpetutako kontratuak apenas igo ziren aurreko urtearen aldean (+ % 0,7). Kontratu mugagabeek % 5,3ko jaitsiera izan zuten, eta aldi baterako kontratuek % 1,3ko igoera. Hala ere, EAEko langabezia tasa % 9,3an kokatu zen 2019ko laugarren hiruhilekoan, aurreko urtean garai berean erregistratutakoa baino puntu bat beherago, alegia. Pasa den urtean, 2.449 pertsonari ezarri zitzaizkien enplegu erregulazioko espedienteak, 2018an baino % 23,2 gutxiago.

LAN GATAZKAK

Laneko gatazka kopurua dezente igo zen 2019an, batez ere industria siderometalurgikoko langileen lanuzteengatik, eta neurri txikiagoan itunpeko irakaskuntzako beharginek egindakoengatik. Izan ere, gatazka hauek eragin zituzten grebagatik lan egin gabeko egunen % 80 baino gehiago. 2019an 464 gatazka kolektibo aurkeztu ziren Preco erakundera, 117.988 langileri eragiten zietenak. 2018rekin alderatuta, prozedura kopurua % 2,5 murriztu zen, baina prozedurek eragindako langile kopurua % 3,3 gehitu zen.

Bestalde, 2019ko azarora bitarte, 30.243 langilek lan istripu arinak izan zituzten, eta horrek urte arteko % 8,8ko hazkundea dakar. 149 langilek istripu larriak izan zituzten (% 8 gutxiago), eta 24 langile hil ziren lan istripuan (aurreko urtean baino % 25 gutxiago).

Azkenik, Lan Harremanen Kontseiluak jakinarazi du azterketa zehatzago bat prestatzen ari dela, hain zuzen ere, negoziazio kolektiboaren eta biztanleria aktiboari lotuta enpleguak duen bilakaeren inguruan, eta kontratazio eredu desberdinen ezaugarrien inguruan. Azterketa hori otsailaren amaieran aurkeztuko du.