Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

EAEn 3.487 langabe gehiago izan dira urtarrilean eta guztira 117.649 daude

MAIALEN MUSATADI / 2020-02-04/ Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 117.649 pertsona zeuden lanik gabe urtarrila bukatzean, aurreko hilean baino 3.487 gehiago (+% 3,05) eta 2019ko urtarrilean baino 3.101 gutxiago (-% 2,57), Espainiako Gobernuko Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioak argitaratutako datuen arabera.

Lurraldeka, urtarrila bukatzean, Bizkaian 67.119 langabe zeuden, abenduan baino 2.002 gehiago (+% 3,07) eta iazko urtarrilean baino 1.353 gutxiago (-% 1,98); Gipuzkoan 31.087 zeuden, abenduan baino 764 gehiago (+% 2,52) eta 2019ko urtarrilean 1.139 gutxiago (-% 3,53); eta Araban 19.443, abenduan baino 721 gehiago (+% 3,85) eta iazko urtarrilean baino 609 gutxiago (-% 3,04).

Bestalde, urteko lehen hilabetea bukatutakoan EAEn zeuden 117.649 langabeen artean, 66.141 emakumeak ziren, 8.404k 25 urte baino gutxiago zuten eta 18.767 atzerritarrak ziren.

Sektoreka, urtarrilean, abenduaren aldean, langabezia gehitu egin zen Zerbitzuetan (3.686 langabe gehiago), Nekazaritzan (86) eta Aurreko enplegurik gabeko kolektiboan (194). Aitzitik, langabezia jaitsi egin zen Eraikuntzan (307 langabe gutxiago) eta Industrian (172).

Kontratazioari dagokionez, EAEn 80.259 kontratu egin ziren urtarrilean, abenduan baino 4.940 gehiago (+% 6,56) eta 2019ko hil berean baino 3.320 gutxiago (-% 3,97). Kontratu guztien artetik, % 90,7 aldi baterako izan ziren.