Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

EAEko administrazio publikoko langileek %2ko soldata igoera kobratuko dute

MAIALEN MUSATADI / 2020-02-05/ Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak astearte honetan onetsi du % 2ko soldata igoera Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) administrazio publikoko langile guztientzat. Neurri hori otsaileko nominan aplikatuko da eta urtarrilaren 1eko datan izango du atzeraeraginezko ondorioa.

Jaurlaritzako arduradunek gogoratu dutenez, soldata igoera hori Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean dauden sindikatuekin negoziatu zen joan den irailean, eta 2020rako Eusko Legebiltzarrak onetsitako Aurrekontu Orokorren Legearen 19. artikuluan jasota geratu da.

Soldata igoerak 83 milioi euroko kostua izango du. EAEko langile publiko guztiengan izango du eragina (administrazio orokorra, Segurtasuna, Hezkuntza, Justizia eta Osakidetza) eta erreferentziazko esparrua da euskal sektore publiko autonomiko guztiarentzat, non 80.000 pertsona inguruk lan egiten duten.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak gauzatu egingo du aurten Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean joan den irailean hartu zuen konpromisoa, Itzarri borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeari egindako ekarpenak % 2ra arte igotzeko.