Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Euskadiko upategiak nazioartean sustatzeko programa hasi da Parisen

MAIALEN MUSATADI / 2020-02-12/ Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak Wine Paris- Vinexpo 2020 azokako euskal enpresen baterako parte hartzea antolatu du, Hazi Fundazioaren bitartez eta Bilboko Merkataritza Ganberaren laguntzarekin, elikaduraren euskal industria kanpoan sustatzen laguntzeko jardueren barruan. Ardogintzaren euskal industriako produktuak nazioarteko merkatuetan sustatzeko egiten diren ekintzetako bat da topaketa profesional hauetan parte hartzea.

Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, aurten, Wine Paris ekitaldiarekin batera egingo da Vinexpo ardoaren eta edari bizien industriaren lehiaketa. Horrela, “ardoaren inguruko ekitaldi indartsua” sortuko da Frantziak nazioarteko ardoaren merkatuaren bidegurutze moduan duen kokapena indartzeko.

Azoka Porte de Versalleseko Paris Expo azoka gunean egingo da, eta espero da 2.800 erakusketari eta 30.000 profesional elkartzea bertan. Euskadik 7.1 hallean edukiko du bere kokalekua, nazioarteko pabilioian.
Ekitaldian 20 herrialde egongo dira, tartean AEB, Alemania, Argentina, Austria, Erresuma Batua, Errumania, Espainia, Georgia, Grezia, Hegoafrika, Italia, Portugal, Suitza, Turkia edo Zeelanda Berria, 60 eskualde ardogile ordezkatuz.

Antolatzaileen asmoa da “nazioarteko erosleen enpresa topagune bat sortzea, trukerako eta harreman komertzialen negoziaziorako leku bat, ekoizle, inportatzaile eta banatzaileentzat eta ardogintzaren sektoreko marketarako”.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz egon da ekitaldian parte hartzen duten euskal enpresa erakusketariekin batera: Marquesa-Valserrano upategiak, Luis Alegre upategiak, Casado Morales upategiak eta mahastiak, Astobiza upategia, Artomaña Txakolina, Muriel Wines eta Olatu Txakoli.

Ekintzak

Orozek adierazi du ekitaldi honetarako aurreikusita daudela hamar ekintza baino gehiago egitea Estatu mailan eta nazioartean, Basque Wine O_ce Euskadiko mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorearen laguntza bulegoak gidatuta. Bulegoaren lana izango da Arabako Errioxako eta txakolinaren hiru izendapenetako bodegek nazioarte mailako merkatuan abian duten estrategia sendotzea.

“Basque Wine O_ce-n helburua da euskal upeltegien berezitasunaren
eta kalitatearen aldeko apustu argia egitea eta, horretarako, egiteko modu hori sustatu eta babestea, munduan zabaltzeko aurkezpen txartel gisa”, azaldu du.

Euskadiko elikagaigintzako industriak 2020an nazioartean parte hartzen duen lehen aldia bada ere, Basque Wine O_ce-k gidatutako lan ildo hau indartu egingo da, lehentasunezko lan ildo gisa, ekintza hauen bitartez: Prowein-Duseldorf, Gourmets azoka, Tokioko Wine and Gourmet, Alimentaria, Prowein Singapur, Cider World Frankfurt, Txikago eta Miamiko misioa, Japoniako alderantzizko misioa, Prowein Asia, AEBetako alderantzizko misioa, Conxemar, Sial eta Seattleko Gabonetako kanpaina.