MAIALEN MUSATADI / 2020-02-24/ Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak 2019ko ekitaldiko Udalkutxa Udal Finantzaketarako Foru Funtsa likidatu du, eta 895,1 milioi eurora arte igo da, ekitaldi horretarako aurreikusitakoa (869,1 milioi) baino 25,9 milioi euro gehiago. Azken zifra horrek Finantzen Lurralde Kontseiluaren urriko bileran zehar egin ziren ekitaldiko aurreikuspenak ere hobetzen ditu. Bilera horretan, hasierako aurreikuspenetik 18,7 milioi euroko hazkundea aurreikusi zen.

Horrela, Bizkaiko 112 udalerriek 2020. urterako aparteko 25.987.137 euro dituzte, eta kopuru hori ekitaldi honetarako aurrekontuan dagoeneko jaso diren 869.135.526 euroei gehitu behar zaie. Soberakin hori udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle-kopurua, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, langabezia-tasa, gela-kopurua edo biztanleen sakabanatzea. Udalek gastu eta inbertsioei aurre egiteko 2020an izango duten gaitasun handiago hori Bizkaian 2019. urtean zehar itundutako zergen bidez egindako diru-bilketaren datu onen ondorioa da. Datu horiek Finantzen Euskal Kontseiluaren azkenengo bileran egiaztatu ziren.

Finantzen Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal-finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera eta aurrekontu-jarduera zaindu ere.

Hamar kide ditu, eta horietatik bost Bizkaiko Foru Aldunditik datoz: José María Iruarrizaga, Ogasun eta Finantzen diputatua eta Kontseiluko burua gaurko saioan; Sergio Murillo, Gizarte Ekintzako diputatua; Elena Unzueta, bozeramailea eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua; Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua, eta José Rubí, Osagun eta Finantza Saileko zuzendari nagusi teknikoa. Horiez gain, Euskadiko Udalen Elkartea (EUDEL) ordezkatzeko parte hartu duten gainerako bost kideak ere batu dira: Elixabete Uribarri Plentziako alkatea, Ane Legarretaetxebarria Fruizko alkatea, Marta Ajuria Bilboko zinegotzia, Mikel Torres Portugaleteko alkatea eta Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea.

Egilea Andoni Beitia