Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Cidetec eta Tecnalia elkarlanean energia metatzeko soluzio integralak emateko

MAIALEN MUSATADI / 2020-02-26/ Europak 2030erako dituen helburuek energia-eredu berriak garatzea eskatzen dute, eta energia metatzea garrantzitsua izango da etorkizuneko sare elektrikoetan eta mugikortasunean. Testuinguru horretan, TECNALIA eta CIDETEC Energy Storage zentro teknologikoek indarrak batu dituzte industrian bateriak erabiltzen dituzten teknologia eta aplikazio energetiko berriak garatzeko eta Europako teknologia-plataforma handienetako bat sortzeko energia metatzen duten soluzioak ikertu eta garatzeari dagokionez.  

Gaur goizean, Donostian, bi erakundeen arteko akordio estrategikoa sinatu dute TECNALIAko lehendakariak, Emiliano López Atxurrak, eta CIDETECekoak, Eduardo Junquerak.

Aliantzari esker, bi erakundeen arteko sinergiak ustiatu ahal izango dira; besteak beste, TECNALIAk aplikazioen integrazioan eta potentzia-elektronikan duen ezagutza eskainiko du, eta CIDETEC Energy Storagek, berriz, bateria aurreratuen garapenean duen esperientzia. Akordio horren ondorioz, balio-kate osoko soluzioetan Europako liderrak izatea da helburua. Bi erakundeek gaitasunak batuko dituzte, 100 ikertzaile baino gehiago tartean direla, eta Europako 20 enpresatan baino gehiagotan energia berriztagarriak integratzeko erronka izango dute datozen 3 urteetan

Lankidetza estrategikoaren barruan, batez ere, energia baterietan metatua duten elektrifikazio-aplikazioak garatuko dira hainbat industria-sektoretarako, eta, hala, erraztu egingo da energia berriztagarriak sare elektrikoan integratzea, energia-eraginkortasuna hobetzea eta garraioa elektrifikatzea. Xede dituzten beste sektore batzuk aeroespaziala, aeronautikoa eta itsasokoa dira.

Ahalmenen batura

Bi teknologia-zentroek gaitasunak batuko dituzte horrela, eta industriaren zerbitzura jarriko dute ikertzaile-masa kritiko bateratu bat, eskarmentu handia duena elektrizitatearen metaketari, potentzia-elektronikari, sare elektrikoei, IKTei eta bateriei lotutako teknologia eta aplikazioetan, eta, halaber, haiek diseinatzen, prototipatzen, modelatzen eta saiatzen.

TECNALIAko lehendakariak nabarmendu duenez, “lankidetzan aritzea betebehar bat da: gure gaitasun teknologikoak estu lotuta daude energia-trantsizioaren erronka teknologikoekin. Aliantza honen bitartez, gure indarrak batzen ditugu Espainiako erreferentzia teknologikoa izateko Europako eta Iberoamerikako energia-trantsizioan”.

Bestalde, CIDETECeko lehendakariak hau adierazi du: “Masa kritikoen batura funtsezkoa da kasu honetan balio-kate osoari heltzeko eta soluzio integralak eskaintzeko, onuradun izanik tokikoak diren baina nazioarteko bokazio argia duten enpresak”.

CIDETECi buruz

CIDETEC ikerketa aplikatuko erakunde bat da, eta hiru zentro teknologiko biltzen ditu, nazioartean erreferentzia direnak energia-metaketan, gainazalen ingeniaritzan eta nanomedikuntzan. Haren helburua enpresei balioa ematea da, teknologiaren garapenaren eta transferentziaren bidez.

TECNALIAri buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 profesional ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. Hauek dira haren jarduera-eremu nagusiak: eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratua, energia-trantsizioa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema eta osasuna.