MAIALEN MUSATADI / 2020-03-03/ Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguko zerbitzu publikoen bulegoetan 410 langabe gutxiago erregistratu ziren joan den otsailean, aurreko hilarekin alderatuta (-% 0,35), eta, horrenbestez, guztira 117.239 langabe daude, Espainiako Gobernuko Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioak astearte honetan jakitera eman dituen datuen arabera.

Halaber, 2019ko otsailarekin alderatzen bada, EAEn 2.624 langabe gutxiago erregistratu dira aurtengo bigarren hilabetean, hau da, % 2,19ko urte arteko jaitsiera izan da.

Lurraldeka, Bizkaian 66.875 langabe zeuden otsaila bukatzean, hau da, urtarrilean baino 244 gutxiago (-% 0,36); Gipuzkoan 31.025 zeuden, 62 gutxiago (-% 0,20), eta Araban 19.339, 104 gutxiago (-% 0,53). Urte artean, Bizkaian 1.358 langabe gutxiago erregistratu dira (-% 1,99), Gipuzkoan 933 gutxiago (-% 2,92) eta Araban 333 gutxiago (-% 1,69).

Era berean, Euskadin otsailean zeuden 117.239 langabeetatik, 66.121 emakumeak ziren, eta 8.626 langabe 25 urtetik beherako pertsonak ziren. Gainera, 18.689 langabe atzerritarrak ziren, urtarrilean baino % 0,42 gutxiago.

Bestalde, sektore guztiek behera egin zuten langabeen kopuruan joan den otsailean, aurreko hilarekin alderatuta, aurreko enplegurik gabeko kolektiboak izan ezik. Hala, zerbitzuen sektoreak 281 langabe gutxiago zenbatu zituen, eta, ondorioz, 78.862 langabe ditu.

Nekazaritzan ere behera egin zuen langabeen kopuruak otsailean, 52 gutxiagorekin, eta guztira 2.543 daude. Industrian 191 langabe gutxiago izan ziren eta guztira 13.963 daude. Eraikuntzan, 75 langabe gutxiagorekin, 7.913 daude, eta aurreko enplegurik gabekoen taldean, aldiz, 189 langabe gehiago izan ziren eta guztira 13.958 daude.

Kontratazioa

Kontratazioari dagokionez, 72.704 kontratu egin zituen otsailean EAEn, hau da, hilabete lehenago baino 7.555 gutxiago (-% 9,41) eta 2019ko otsailean baino 3.986 gehiago (% 5,80). Zehazki, kontratuen % 90,5 aldi baterakoak izan ziren, urtarrilean baino % 9,61 gutxiago eta 2019ko otsailean baino % 5,55 gehiago. Kontratazio mugagabeak % 7,45eko beherakada izan zuen hil artean eta %8,21eko igoera urte artean.

Lurraldeka, kontratazioaren hil arteko aldakuntza negatiboa izan zen hiruretan: % 8,20ko jaitsiera Gipuzkoan (-1.905), 21.326 kontratu eginda; % 13,80koa Araban (-2.139), 13.361 kontratu eginda; % 8,45ekoa Bizkaian (-3.511), 38.017 kontratu eginda. Urte artean, berriz, kontratazioa hiru lurraldeetan gehitu da: %4,51 Araban (576 kontratu gehiago), % 6,92 Gipuzkoan (1.318) eta % 5,64 Bizkaian (2.029).

Azkenik, Espainiako Gobernuko Lan, Migrazio eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren datuen arabera, EAEn 64,7 milioi euro gastatu ziren joan den otsailean prestazioetan eta onuradun bakoitzak 908 euro jaso zituen batez beste hilean.

Egilea Andoni Beitia