MAIALEN MUSATADI / 2020-03-06/ Eustatek kaleratu berri dituen datuen arabera, EAEko BPGd-a % 2,2 hazi da 2019an, 2018an baino zortzi hamarren gutxiago. Bosgarren urtea da jarraian % 2tik gorako hazkunde-tasekin. 2019rako BPGd-aren behin-behineko lehen zenbatespen hori urteko lau hiruhilekoetako bakoitzerako kalkulatutako BPGd-aren batura gisa lortzen da.

2019an, eskaintzari dagokionez, ekonomiaren sektore handi guztiek portaera hedakorra izan dute. Eraikuntzaren sektorea nabarmentzen da, % 3,1eko urteko hazkundearekin. Jarraian daude zerbitzuen sektorea (% 2,5), industria (% 1,1) eta, azkenik, lehen sektorea (% 0,6). Zerbitzuen barruan, administrazio publikoa, hezkuntza, osasuna eta gizarte-zerbitzuak dira gutxien hedatu direnak (% 2,2), eta gainerako zerbitzuak dira dinamikoenak (% 2,6), merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioaren gainetik (% 2,4).

Eskariaren gaineko analisiak erakusten du barne-eskariaren hazkundea % 2,1ekoa izan dela 2019 osoan, eta, BPGd-a hazi den % 2,2a baino txikiagoa izan denez, kanpo-sektoreak ekarpen positiboa egin duela 2019an (kanpo-saldoak hobera egin du).

Barne-eskariaren hazkundea 2019an kapital-eraketa gordinaren hazkundearen ondorio da batez ere (% 2,8; ekipamendu-ondasunetan egindako inbertsioaren hazkundea % 2,3koa izan da, eta kapital-eraketa gordinaren gainerakoan % 3,0koa). Azken kontsumoko gastua % 1,9ko erritmoan hazi da, bereziki kontsumo publikoaren ondorioz (% 2,1), familien azken kontsumoaren (% 1,9) gainetik igo baita.

Enpleguaren bilakaera, lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta, positiboa izan da, 2019rako zenbatetsitako % 1,6ko hazkundearekin, 15.335 enplegu garbi gehiago sortu baitira. Urteko enplegua hiruhileko bakoitzerako zenbatetsitako enpleguen batez bestekoaren bidez lortzen da, eta haren behin-behineko lehen zenbatespena da.

Enpleguaren portaera hoberena eraikuntzaren sektorean kokatu da, % 2,8ko hazkundea izan baitu 2018ko batez bestekoarekin alderatuta, eta hazkunde hori 2018koan zenbatetsitakoa (% 3,6) baino txikiagoa izan da. Ondoren, zerbitzuen sektorea dator,% 1,8ko aldakuntza-tasarekin (aurreko urtean zenbatetsitako % 2,7koa baino txikiagoa). Lehen sektorean, hazkundea % 0,9koa izan da (2018rako zenbatetsitako -% 1eko hazkunde-tasa negatiboa baino handiagoa). Azkenik, industriaren sektorea % 0,6 hazi da (% 2,2 2018an).

Lurralde historikoen arabera, BPGd-aren bilakaera 2019an positiboa izan da hiru lurralde historikoetan. Gipuzkoa % 2,3 hazi da, Bizkaia % 2,1 eta Araba % 2,0.

Egilea Andoni Beitia