Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Donostiako Udalak 2,6 milioi banatuko ditu bizitegi eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko

MAIALEN MUSATADI / 2020-03-11/ Donostiako Udalak, Donostiako Etxegintzaren bidez, 2,6 milioi euro bideratuko dira hiriko bizitegi eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzetan. Dirulaguntzak eskatzeko epea martxoaren 12tik apirilaren 3ra bitartean egongo da zabalik.

Horrela, hiru mota ezberdinetako lanek jaso ahal izango dute dirulaguntza: irisgarritasuna eta eraikinen azterketa teknikoarekin lotura duten elementu komunak; energia eraginkortasuna eta isolamendu akustikoarekin lotura duten elementu pribatuak eta hainbat etxebizitzetako birgaitzea; alokairuan jarri nahi diren hutsik dauden etxebizitzen birgaitzea.

Nekane Arzallus Donostiako Udaleko Hirigintza zinegotziaK azaldu duenez, elementu komunen gaineko obretan, dirulagunta eskatu ahal izango da igogailuak, arrapalak eta plataformak jartzeko horrelakorik ez duten bizitegi eraikinetan. Halaber, dirulaguntza jaso ahal izango dute eraikinen azterketa teknikoak eskatutako lanak egiteko, betiere, lehentasunezkoak edo premiazkoak badira.

Era berean, kanpoko leihoak aldatu nahi duten etxebizitzek ere eskatu ahal izango dute dirulaguntza, baldin eta gutxienez 30 dezibeliotako zarata lortzeko isolamendu akustikoa bermatzen duten leihoak jartzeko bada, eta gauza bera mugikortasun urriko edo 65 urte baino gehiagoko pertsonak bizi diren etxebizitzak egokitzeko. Gainera, dirulaguntza eskatu ahal izango dute etxebizitza hutsa duten jabeek, betiere Alokabide erakundearen bidez alokairuan jartzeko.

Dirulaguntzak eskatzeko epea martxoaren 12ko goizeko 09:00tan hasiko da eta apirilaren 3ko arratsaldeko 14:00tan amaitu. Pertsona Vsikoek modu elektronikoan egin ahal izango dute eskaera udal webgunean, edo modu presentzialean Donostiako Etxegintzako bulegoan 09:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera, eta Udalinfoko bulegoetan. Bestalde, pertsona juridikoek eskaera modu elektronikoan egin beharko dute, udal webgunearen bidez.

Dirulaguntzak emango dira birgaitzea eta irisgarritasuna laguntzeko Udal Ordenantzak ezartzen dituen baldintza tekniko, administratibo eta diru sarrerenak betetzen dituzten eskaerei, eta beti, erregistratutako ordenari jarraituta.