Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Lanbidek laguntza-ildo bat sortu du autonomoentzat eta enpresaburuentzat

MAIALEN MUSATADI / 2020-03-25/  Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak sortutako eta enpresaburu indibidualei eta autonomoei zuzendutako ezohiko laguntzen programa berri bati. Laguntza-ildo horren bidez, Gizarte Segurantzarako kotizazioen gastuetarako eta alokairu-errentetarako diru-laguntzak emango dira.

Eusko Jaurlaritzak, guztira, 3 milioi euro bideratuko ditu laguntza-ildo berri horretara. Horren bidez, pertsiana jaitsi behar izan duten Euskadiko milaka pertsonaren egoera arindu nahi da. Izan ere, COVID-19aren hedapenak sortutako alarma-egoera dela eta enpresaburu indibidual eta autonomo batzuek beren negozioak aldi baterako itxi behar izanak eragin duen zuzeneko galera ekonomikoari aurre egin nahi zaio.

Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak honako hauek dira:

  • Langile Autonomoen Araubide Bereziari edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzako dagokion araubideari edo nahitaezko mutualitate profesionalei lotutako norberaren konturako langile gisa aurre egin beharreko kotizazioaren ordainketari lotutako kuotak. (Gastu hori ez da diruz laguntzeko modukotzat hartuko Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu dutenean).
  • Eta negozio-lokalen errentamendua, betiere familia-etxebizitza baten parte ez badira, lokalaren errentatzailearekin odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko 2. mailarainoko ahaidetasunik ez badago eta errentatzaile gisa diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide ez bada.

Laguntza-ildo honen onuradunak honako hauek izan daitezke (betiere EAEn erroldatuta badaude, bizilekua bertan badute, enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala EAEn badute eta lantokia bertan badago):

  • Enpresaburu eta profesional indibidualak.
  • Ondasun Erkidegoetako eta Sozietate Zibiletako bazkideak, betiere diru-laguntza norberaren izenean eskatzen bada.