Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

IKERLAN zentro teknologikoak UP2DATE proiektu europarra gidatzen du

MAIALEN MUSATADI / 2020-04-03/ IKERLAN zentro teknologikoak UP2DATE  izeneko proiektu europarra gidatzen du, eta bere asmoa da merkatu industrialean eragina izatea, hala nola automobilgintzan edo trenbide sektoreetan. Zehatzago esateko, asmoa da teknologia bat garatzea, garraiobideetarako, hala nola auto eta trenetarako, zeinak sistema kritikoen softwarea urrutitik eta era seguruan eguneratzea ahalbidetuko duen. Sistema horietan segurtasuna faktore gakoa da eta akats edo hutsegite batek galera ekonomiko esanguratsuak eragin ditzake –adibidez, zibereraso batean-, baita kalte fisikoak eta pertsonen bizitzarako mehatxuak ere.

Teknologia horien bitartez, esate baterako, fabrikatzaileak urrutitik egunera dezake ibilgailuaren frenatzeko sistema, frenatze distantzia optimizatzeko; edo tren bat eraso zibernetikoetatik babesteko sistema eguneratzea, zerbitzua eten gabe.

Irune Agirrek, IKERLANen proiektu koordinatzailea denak, azaldu du lana merkatuko beharrak betetzera bideratuta egongo dela: “Gure helburua da UP2DATEren esparruan izandako aurkikuntzek eta gauzatutako garapenek merkatuan lekua izan dezatela bermatzea, I+G+B alorreko proiektu europarrek transferentzia teknologikoarekiko duten konpromisoarekin bat etorrita”. Gogoraraztekoa da zentroaren bokazioa enpresen benetako beharretarako teknologia erabilgarria garatzea dela, beti.

UP2DT proiektuak 4 milioi euro inguruko aurrekontua du, hiru urterako. Diru hori Europar Batzordeak jarritakoa da Horizonte 2020 Programaren bitartez, eta programa horrek hainbat arlotako proiektuak finantzatzen ditu ikerketa eta berrikuntzaren esparruan.

Urrutiko eguneraketen abantailak

UP2DATEren lan nagusia izango da softwarea urrutitik eguneratzeko teknologien garapena, betiere prestazio handiko konputu plataformatan. Plataforma horiek gero eta gaitasun handiagoa dute, baina konplexuagoak ere badira, eta horrek arriskuan jar ditzake beren segurtasuna eta egiaztapen kostuak.

Horrenbestez, hainbat abantaila dituzte urrutiko eguneratzeek: azken berrikuntzak kontrol sisteman jarri ahal izango dira, adimendun telefonoa izango balitz bezala, eta programazio akatsak zuzendu ahal izango dira, konponketa beharrik gabe edo langileak bertara joan beharrik izan gabe. Bermatu egiten da sistemak segurtasun azken neurriak izatea txertatuta, eraso zibernetikoetatik babestu ahal izateko.

Testuinguru horretan, oso garrantzitsua da bermatzea eguneraketa egin ostean ere sistemak lehen bezain segurua izaten jarraitzen duela, kanpoko balizko erasoak edo intrusioak saihesteko. Arrazoi horrengatik, diseinuan eta eguneratzeko mekanismoan bertan segurtasuna aintzat hartzeaz gain, UP2DATE proiektuak monitorizazio soluzioetan lan egingo du, eta soluzio horiek softwarea eguneratzen den bakoitzean sistemak, aurretik, bitartean eta gerora ere, portaera segurua izango duela gainbegiratzea ahalbidetuko dute.

IKERLANek gidatzen duen proiektuan beste honako erakundeek ere parte hartzen dute: Barcelona Supercomputing Center, CAF Signaling, IAV, Marelli, Offis eta TTTech auto.