Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

EAEko BPG %3 eta enplegua %3,1 jaitsi dira 2020ko lehen hiruhilekoan

MAIALEN MUSATADI / 2020-04-27/  Eustat estatistika erakundeak egindako hiruhileroko kontuen aurrerapenaren zenbatespenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordina (BPG) % 3 jaitsi da 2020ko lehen hiruhilekoan, iazkoarekin alderatuta, eta % 4,5 aurreko hiruhilekoarekin alderatzen bada, egutegi eta urtaro eraginak atera ondoren.

Eskaintzaren aldetik, atzerakada orokorra izan da sektore guztietan, neurri handiagoan edo txikiagoan, martxoko azken bi asteetan ekoizpen jarduera guztietan gertatutako aldaketaren edo geldialdiaren ondorioengatik.

Halaber, enpleguak %3,1 egin du behera, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostu gisa neurtuta, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta. Hiruhileko arteko terminoetan, egutegiaren eta urtaroen eraginak kendu ondoren, enplegua %4,1 muriztu dela zenbatetsi da. Neurri handi batean, martxoaren erdialdetik aurrera izandako aldi baterako erregulazioen kopuru oso handiari zor zaio enpleguaren jaitsiera.

Eustatek jakinarazi duenez, hiruhilekoko BPGren zenbatespena egiteko erabiltzen duen sistema adierazle ekonomikoen iragarpen batzuetan oinarritzen da, eta iragarpen horiek “ez dira ikusi” lehen hiruhileroko kontuen aurrerapena egiteko unean.

Horrela, martxoko bigarren hamabostalditik aurrera covid-19aren izurriaren ondorioz hartutako ezohiko neurriek “garbi aurreikus ez daitekeen aurrekaririk gabeko jarduera ekonomikoaren gainbehera handia ekarri dute”.

“Eragile ekonomiko guztiak azken asteetan bizitzen ari diren egoera oso korapilatsuak zaildu egiten du zenbatespen ekonomiko ororen oinarri den informazioa biltzea, are gehiago sisteman adierazle batzuen iragarpenik barne hartzen denean”, azpimarratu du.

Gauzak horrela, Eustatek adierazi du “zuhurtziaz” aztertu behar direla gizartea konfinatzeko aldi bat barne hartzen duten EAEko jarduera ekonomikoari buruzko lehen zenbatespenak.

Azkenik, Eustatek ekainaren 5ean argitaratuko ditu 2020ko lehen hiruhilekoko BPGren eta enpleguaren zenbatespen bereiziak, aurrerapena egiteko unean eskura ez zegoen edo partzialki neurtua zen informazio koiunturala sartu ondoren.