Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

EAEn 104.000 langabe zenbatu dira lehen hiruhilekoan, iaz baino 4.900 gehiago

MAIALEN MUSATADI / 2020-04-27/ Euskal Autonomia Erkidegoan 104.400 langabe zenbatu dira 2020. urteko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino 4.900 gehiago. Lan-merkatuaren 2020ko lehen hiruhilekoko datuen arabera, 945.600 pertsona landun daude, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 3.500 gutxiago (% 0,4), Eustatek landutako datuen arabera.

Bestalde, Euskadiko langabezia-tasa % 9,9koa da, 2019ko laugarren hiruhilekoan baino ehuneko 0,4 puntu handiagoa. Biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56,4koa izan da 2020ko lehen hiruhilekoan, eta ez da aldatu aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Lurraldeen arabera, Gipuzkoan jaitsi da gehien okupazioa, 4.200 pertsona gutxiagorekin; ondoren, Bizkaia dago, 600 gutxiagorekin; eta Araban, berriz, okupazioa 1.300 pertsonatan handitu da. Hiriburuei dagokienez, Donostian okupazioa 3.700 pertsonatan murriztu da; Bilbon, aldiz, 1.500 pertsonatan igo da, eta Gasteizen 1.700 pertsonatan.

Generoari dagokionez, okupazioaren jaitsiera handiena gizonen artean gertatu da, aurreko hiruhilekoan baino 2.000 landun gutxiago baitaude; emakume landunak, berriz, 1.400 gutxiago dira.

Okupazio-tasa

Euskadiko biztanleria landuna 4.800 pertsonatan jaitsi da zerbitzuen sektorean eta 500 pertsonatan lehen sektorean; hala ere, industrian 700 pertsonatan eta eraikuntzan 1.100 pertsonatan igo da. Gainera, okupazio-tasa, 16 eta 64 urte bitarteko pertsona landunen ehunekoa adin horietako guztiekiko kalkulatuta, ehuneko sei hamarren jaitsi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta % 68tan dago. Tasa hori % 71,4koa da gizonen artean, eta % 64,7koa emakumeen artean.

Amaitutako ikasketen mailari dagokionez, okupazio-tasa ehuneko 1,7 puntu jaitsi da bigarren mailako ikasketak dituztenen artean, % 58,9ra iritsi arte; goi-mailako ikasketak dituztenen artean, okupazio-tasa 0,1 puntu igo da (% 83,9), eta ehuneko 0,4 puntu lehen mailako ikasketak edo gutxiago dituztenen artean, % 61,2ra iritsiz.

Lurraldeen arabera, okupazio-tasarik altuena Arabakoa da (% 70,5), eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta ehuneko 0,2 puntu igo da; bigarren lekuan Gipuzkoa dago (% 69,5), 1,4 puntuko jaitsierarekin; Bizkaian okupazio-tasa ehuneko 0,2 puntu jaitsi da, eta % 66,4tan dago.

Bestalde, lehen hiruhilekoan, EAEn 898.100 bat familia daudela kalkulatzen da, eta horietatik heren batek ez du pertsona aktiborik; hamar familiatatik seitan pertsona aktibo guztiak daude lanean, aurreko hiruhilekoan baino 1.700 familia gutxiago; gainera, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familiak 30.600 dira, aurreko hiruhilekoan baino 600 gehiago.