Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

230.000 zergaduni 215 milioi euro itzuliz hasi da Errenta-kanpaina Bizkaian

MAIALEN MUSATADI / 2020-05-04/ 2019ko Errenta-kanpaina martxan da Bizkaian, eta aurten 580.000 PFEZ aitorpen aurkeztuko dira. Kanpainaren lehen egunetan, 230.000 zergadunek jasoko dituzte itzulketak: guztira, 215 milioi euro. Foru Ogasunak kanpaina osoan itzuli asmo dituen 432 milioien erdia da kopuru hori. Gainerako zergekin bezala, PFEZari dagokionez ere itzulketak egiteko prozesuak bizkortzen ari da Foru Ogasuna, horrela sustatzen baitu zergadunen likidezia COVID-19aren osasun-larrialditik sortutako krisi ekonomikoa dugun honetan.

Itzulketak lasterragotzeko ahalegin hori langile autonomoei zuzendu zaie bereziki; horregatik, kanpaina honetan, Errenta Etxean proposamenen hartzaile-taldean sartu dira, PFEZa lehenago itzul dakien, hain zuzen ere. Hala, aurreneko itzulketen artean, 26.000 langile autonomoenak eta haien ezkonlagunenak daude: horiei, 28 milioi euro itzuliko zaizkie maiatzaren lehen egunetan.

Kanpaina hastearekin, epea irekiko da Errenta-aitorpena Interneten bidez aurkezteko. Horretarako, www.bizkaia.eus/errenta helbideko laguntza-programa eta datu fiskalen deskarga erabili behar dira. Aurkezpen-kanal hori 161.000 aitorpen baino gehiago egiteko erabili zen iazko kanpainan, guztien herenak; beste 117.000, berriz, errenta egiteko doako zerbitzuaren bitartez aurkeztu ziren bankuetan. Aurtengo kanpainan, geroratu egin da aurrez aurreko zerbitzua, osasun-larrialdiak hura berriz martxan jartzen utzi arte; larrialdia amaitzean amaituko da kanpaina ere.

Horregatik, aurreikusitako itzulketa guztiak ahalik eta lasterrena egiteko, gomendagarria da ahal den guztietan erabiltzea aurkezpena Interneten bidez egiteko kanala. Dena dela, Bizkaiko Foru Ogasunak, bere konpromisoari eutsiz, egoerak agindu bezain pronto eskainiko ditu aurrez aurreko zerbitzu arruntak. Gainera, beste alternatiba batzuk aztertzen ari da zergadunari laguntzeko zerbitzuak indartzeari begira.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kanpainaren emaitzei buruzko aurreikuspenak

Errenta 19 kanpainan, Foru Ogasunak aurreikusten du 580.409 aitorpen izapidetzea; haietatik 397.669 -% 68- itzultzekoak izango dira eta, guztira, 431.675.300 euro itzuliko dira. Hau da, bataz beste 1.085 euro itzuliko dira. Bestalde, 182.740 aitorpen izango dira Ogasunari dirua ordaintzeko, eta, aitorpen bakoitzeko 2.056 euro, batez beste; guztira, 375.675.300 euro. 2019ko ekitaldiko errenta-kanpainaren azken emaitza -56,0 milioi euro izango da foru-diruzaintzarako. Kasu bietan, 2018ko errenta-kanpainan lortutako emaitzen oso antzekoak dira zifrak.

Ogasuna maiatzeko lehenengo astean hasiko da zergadunaren aldeko emaitza duten aitorpenei dagokiena itzultzen. Ordaintzekoak diren aitorpenen zenbatekoa, berriz, kanpainaren azken egunean kobratuko da, eta, ordainketa zatikatua aukeratzen bada, bigarren ordainketa azaroaren 10ean egingo da.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu behar dute 20.000 eurotik gorako laneko errentak dituzten pertsonek eta/edo 1.600 eurotik gorako kapitalaren etekin gordin eta ondare-irabaziak dituzten pertsonek. Halaber, aitorpena aurkeztu beharko dute jarduera ekonomikoen etekinak lortzen dituzten pertsona guztiek.

Kenkari sozialen aplikazioari buruzko aurreikuspenak

Foru Ogasunaren aurreikuspenen arabera, Errenta 19 kanpainan, Bizkaiko zergadunek 608 milioi euroren baino gehiagoren onura izango dute Bizkaiko PFEZari buruzko Foru Arauan ezarritako kenkari sozialak direla eta. Hauek dira kenkari bakoitzari buruzko aurreikuspenak:

  • Ohiko etxebizitza: 172.000 zergadunek ohiko etxebizitzan inbertsioa egitearen ondoriozko kenkaria aplikatuko dute: guztira, 159 milioi euro. Beste 39.000 zergadunek ohiko etxebizitza errentan hartzeagatiko kenkaria aplikatuko dute: guztira, 41 milioi euro.
  • Ondorengoak: 219.800 zergadunek 140.000 milioi euro deduzituko dituzte. 63.000 zergadunek 6 urtetik beherako ondorengoei dagokien kenkaria aplikatu ahal izango dute: guztira, 15,3 milioi euro.
  • 65 urtetik gorakoak: 112.000 zergadunek 68,8 milioi euro deduzituko dituzte.
  • Desgaitasuna: 67.300 zergadunek aplikatu ahal izango dute kenkari hau: guztira, 75 milioi euro.
  • Halaber, 174.000 zergadunek BGAE, pentsio-plan eta mutualitateetara egindako ekarpenen ondoriozko kenkariak aplikatuko dituzte: guztira, 109 milioi euro.