MAIALEN MUSATADI / 2020-05-11/  Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak 4/2020 Foru Dekretu Arauemailea onetsi du; haren bidez, sozietateen gaineko zergaren kuota efektiboaren % 60 ezohiko kenkari bat ezartzen da, 2019ko ekitaldirako. Kenkariaren bidez —Bizkaia Aurrera planeko neurrietako bat—, sustatu nahi da COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiari aurre egiteko hartutako neurriek ukitu dituzten sektoreen eta zergadunen ekonomiaren eta jardueraren suspertzea. Kenkari honek efekturik handiena izango du jarduera geldiarazita edo murriztuta daukaten enpresa ukituek bitarteko ekonomikoak mugiarazteko beharrizan handiena duten unean.

Foru-dekretu arauemaileak kenkaria aplikatzeko irizpideak zehazten ditu; sozietateen gaineko zergaren zergadun guztiei aplikatuko zaie kenkaria, ondare-sozietateei eta talde fiskalei izan ezik. Baldintzen artean, emaitzak gutxitzea edo jarduera murriztea ezartzen dira; biak, osasun-larrialdiaren ondorio.

Oro bat, dekretuak xedatzen du kenkariaren zenbatekoa erabili behar dela enplegua sortzeko, ekoizpen-aktiboetan, ikerketa eta garapenean edo ekintzailetzan inbertitzeko edo 2020ko galerak konpentsatzeko.

Ezohiko kenkaria aplikatzeko betekizunak

Honako hauek izango dira 2019ko ekitaldiko sozietateen gaineko zergaren % 60ko ezohiko kenkariaren onuradunak:

  • 2019ko ekitaldian ustiapen ekonomiko bat egin duten zergadunak, ondare-sozietatearen izaera ez dutenak.
  • Zerga-baterakuntzaren erregimenean tributatzen ez dutenak.      

COVID-19aren ondorioz beren jarduna nabarmen murriztuta daukatenak; jarduna nabarmen murriztu dela jotzeko, bi irizpide hauek bete behar dira:            

  • 2020. urteko lehen seihilekoko eragiketen bolumena gutxienez izatea % 25 gutxiago, 2019. urteko lehen seihilekoko eragiketen bolumenarekin alderatuta.
  • 2019ko ekitaldian zehar kontabilitate-emaitza positiboa izatea, eta 2020. urteko lehen seihilekoari dagokion kontabilitate-emaitza gutxienez izatea % 50 gutxiago, 2019. urteko lehen seihilekoko kontabilitate-emaitzarekin alderatuta.

2020ko eta 2021eko ekitaldietan zehar ez banatzea etekinik, ez eta erreserbarik ere, eta ez erabakitzea beren funts propioak murriztea bazkideei ondasun edo eskubideak emanez.

Kenkaria zertarako erabili behar den

Ezohiko kenkaria aplikatzen duten zergadunek, 2020ko ekitaldia amaitu aurretik, helburu hauetakoren baterako baliatu behar dute dirua:

  • 2020ko ekitaldian izandako galerak konpentsatzeko.
  • Aktibo ez korronte berrietan inbertitzeko.
  • Ikerketako eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuak egiteko.
  • Beste zergadun batzuen I+G+b-ko proiektuak 62 bis artikuluko prozeduraren bidez finantzatzeko.
  • Enplegua sortzeko.
  • Mikroenpresen edo enpresa txiki edo ertainen akzioetan edo partaidetzetan inbertitzeko.

Egilea Andoni Beitia