Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Lantegi Batuaken Balio Sozial Integratua 207 milioi eurokoa izan zen 2019an

MAIALEN MUSATADI / 2020-05-25/ 2019an, irabazi asmorik gabeko Lantegi Batuak erakundeak 73,7 milioi euro fakturatu zituen, 240 bezero berri lortu zituelarik industrian eta zerbitzuen sektorean. Ezgaitasuna duten pertsonei lan aukerak eskaintzen dizkien erakunde honek 127 lanpostu berri sortu zituen biztanleriaren sektore horrentzat, lanpostuen % 30 enpresa arruntetan.

2019ko Memoriak dioenez, Lantegi Batuak-ek 207 milioi euroko Balio Sozial Integratua sortu zuen azken urtean, laguntza publiko, prestazio soziosanitario eta familiako gastuen aurrezkiaren eta sortu dituen soldata- eta zerga-ekarpenen bidez, eta baita ere ehun industrialean izan duen inpaktuaren bitartez. Erakundeak UPV/EHUrekin eta Deustuko Unibertsitatearekin batera egin duen kontabilitate sozialeko tresnaren arabera, Lantegi Batuak-ek 13 euro inguru eskaintzen dizkio gizarteari jasotako euro publiko bakoitzeko.

Bizkaiko erakundearen ardatz garrantzitsuenetako bat da prestakuntza ematea adimen ezgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko. Iaz 57.800 prestakuntza ordu garatu ziren guztira, eta langabezia arriskuan dagoen kolektibo horretako 94 pertsonak parte hartu zuten prestakuntza-ekintza horietan, profesionaltasun ziurtagiriak lortzeko Lan Eskola proiektuaren bidez. Programa horrek lanbide heziketa transbertsala, praktika tutorizatuak eta laguntza ematen dizkie parte-hartzaileei, beren bidea egiten laguntzeko lan-merkatu arruntean.

Lantegi Batuak-ek 3.188 langile ditu, eta horietatik % 83k dute ezgaitasunen bat. Gorabidek (adimen ezgaitasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkarteak) sustatzen du erakundea, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Lanbideren eta Europako Funts Sozialaren laguntza du. Lantegi Batuak-en helburua da ezgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, aukera berriak sortuz enpresa-ingurune inklusiboetan eta konponbide integralak eskainiz industrian zein zerbitzuen sektorean dituen bezeroentzat.