Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Horizonte 2020 programak 122 milioiko laguntza abiarazi du Covid-19a ikertzeko

MAIALEN MUSATADI / 2020-05-25/ Europako Batzordeak 122 milioi euro gehiago mobilizatu ditu Horizontea 2020-Ikerketa eta berrikuntzako programaren barruan, Covid-19ari buruzko presazko ikerketara bideratzeko.

Laguntza horrek bat egin du maiatzaren 4an Ursula von der Leyen presidenteak koronabirusaren krisiari aurre egiteko abiarazitako mundu mailako ekimenerako  Batzordeak hartutako 1.400 milioi euroko konpromisoarekin.

122 milioi hauek jasoko dituzten proiektuek xedetzat izango dute fabrikazioa berrorientatzea koronabirusaren detekzio, tratamendu eta prebentziorako beharrezkoak diren hornidura eta ekipo medikoak azkar produzitzeko, eta teknologia medikoak eta tresna digitalak garatzea pazienteen diagnostikoa, jarraipena eta zaintza hobetzeko. Ikerketa berriak Europa osoko paziente-multzo handietatik lortutako informazioan oinarrituko dira; hala, hobeto ulertzen baditugu koronabirusaren epidemiak eragindako portaerak eta ondorio sozio-ekonomikoak, seguruenik hobetu egingo ditugu tratamendurako eta prebentziorako estrategiak.

Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 11n bukatuko da, eta helburua da emaitza azkarrak lortzea.  Koronabirusaren krisiari erantzun global bat emateko printzipioei jarraiki, Europako Batzordeak adierazi du konponbide berriek eskuragarri egon behar dutela denentzat eta arrazoizko prezioan. Horretarako, Batzordeak datu-truke azkarrerako klausulak sartuko ditu deialdi honetako dirulaguntza hitzarmenetan, horrela bermatzeko aurkikuntza eta emaitzak berehala aplikatu ahal izango direla.

Laguntza hauek bost eremu zehatzetara zuzenduta daude:  oinarrizko hornidura eta ekipo medikoen fabrikazioaren berrorientazioa (23 milioi euroko aurrekontua); teknologia medikoak, tresna digitalak eta adimen artifizialaren bidezko analisiak, heldutasun teknologiko handiko zaintza eta jarraipena hobetzeko (56 milioi); agerraldiari emandako erantzunen ondorio sozialak, ekonomikoak eta portaerazkoak (20 milioi); Covid-19 kohorte paneuroparrak (20 milioi) eta, azkenik, Europako eta nazioarteko paziente-talde handiei buruzko ikerketen arteko lankidetza, baldin eta pertinenteak badira koronabirusaren aurkako borrokan (3 milioi euro).