Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Teknikerrek kirurgialarien lana errazten duen errektoskopio berritzailea garatu du

MAIALEN MUSATADI / 2020-06-08/ Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Tekniker zentro teknologikoak, Madrilgo La Paz Unibertsitate Ospitaleko Ikerketa Biomedikorako fundazioaren laguntzarekin, errektoskopio berriaren prototipoa diseinatu du. Bere diseinuari esker, gailu berriak kirurgialariaren lana errazten du ondesteko minbizi kasuetan.

Horrelako gailu medikuek, oro har, argia dute aurrean, medikuak ondestearen barrualdea ikusi ahal izateko. Prototipo berriak, horrez gain, argi-iturri erradiala dauka, beraz, tresnak erabilera osagarria izango du: ondesteko tumorea kentzerakoan, ebaketa non egin erabakitzen lagunduko dio kirurgialariari.

Mota horretako minbizia tratatzeko kirurgian, tumorea duen ondestearen zatia kentzen da, eta sortutako bi muturrak lotzen dira. Ebaketa egiterakoan, segurtasun-tartea utzi behar da minbiziaren eta ehun osasuntsuaren artean, eta tarte hori 1 cm-ra murriztea lortu da. Horrek abantaila esanguratsuak ditu pazientearentzat, baina ebaketa zehaztasun handiz egin behar da, tumorea barreiatzeko arriskua saihesteko eta segurtasun onkologikoa bermatzeko.

Teknikerrek argi-errektoskopio berria garatzen lagundu du, kirurgialariaren beharrei erantzuteko xedearekin. Izan ere, gailuak argiz laguntzen dio kirurgialariari ebaketaren marjinaren luzera erabakitzen, hau da, tumorearen eta ehun osasuntsuaren arteko zein puntutan egin ebaketa, segurtasun-tarte egokia utziz.

Ondestea organo hutsa eta zeharrargia da, eta propietate hori erabil daiteke kirurgialariari barrualdeko leku jakin bat adierazteko. Berak ondestea kanpotik ikusten du, eta laguntzaileak, errektoskopioaren bidez, barrualdea ikusten du.

Gailu gardena

Teknikerrek, zehaztasun handiko ekipamenduen diseinuan, garapenean eta fabrikazioan adituak, errektoskopioaren kontzeptu berriaren eskakizun medikoak bildu ditu, eta horietatik abiatuta prototipoa diseinatu eta fabrikatu du. Bateragarritasun mediko eta mekanikoko baldintzak betetzen ditu, eta gardena da, ezinbestekoa dena ondo ikusteko eta argia pasatzen uzteko.

Zentroa arduratu da errektoskopioaren inguratzailea garatzeaz: pazientearen gorputzean sartzen den pieza da, barrura erregela eta argidun gailua sartzea ahalbidetzen duena.

Teknikerrek produktuaren ingeniaritzan, fabrikazio aurreratuan eta osasunaren sektoreko ekipamenduetan duen espezializazio teknologiko zabala aplikatu du errektoskopioaren prototipo funtzionala diseinatu eta garatzeko. Orain klinika aurreko probak egiten ari dira animaliekin, eta gailuak aurrerapen esanguratsua ekarriko du ondesteko tumorea kentzeko kirurgia-operazioetara.