Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Enpresetan berrikuntza sustatzeko Innobideak laguntzak eskatzeko epea irekita dago

MAIALEN MUSATADI / 2020-06-23/ SPRI Taldearen Innobideak laguntza programara eskaerak aurkezteko epea ireki da asterarte honetan, eta irailaren 24ra arte egongo da zabalik. Enpresek negozio prozesuetan berrikuntza aplikatzen eta horrela covid-19aren pandemiak sortutako eszenatokiei aurre egiten laguntzea da helburua. Programak hiru milioi euroko aurrekontua du euskal enpresek eta batez ere ETEek lehiakortasunari eutsi diezaioten, helburu hori lortzeko berrikuntza proiektuak finantzatuz.

Koronabirusa dela eta, aurtengo egoera berezia da, beraz, egoera berri honi aurre egiten laguntzea da laguntzen helburuetako bat, ETEei batik bat. Horrela, talka-plana abian jartzeko egin beharreko gastuen % 50a ordaintzeko balio izango dute, itzuli behar izan gabe. Azken batean, pertsonek enpresen kudeaketan eta emaitzetan parte hartzea da xedea, langileen eta enpresaren arteko harremana estuagoa izan dadin.

Hala, Innobideak 2020 programak hiru laguntza neurri berri ditu. Alde batetik, Innobideak Lehiabide izenekoa, negozio-eredu berriak eta berrikuntza-proiektuak garatzen laguntzeko. Bestetik, Innobideak Pertsonak delakoa, talka-plan batek eskatzen dituen jarduerak abian jartzen laguntzeko, eta bereziki, pertsonek enpresetan parte har dezaten sustatzeko. Azkenik, Innobideak Kudeaketa izenekoa, jadanik finkatuago dauden enpresetarako dena, beren enpresa-kudeaketa, estrategiak eta berritzeko ahalmena hobe dezate

Innobideak programak hiru milioi euroko aurrekontua dauka, eta itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez banatuko du. Hala, proiektu bakoitzaren profilaren arabera, programaren araudiak diruz lagundutako gastuen % 60rainokoa izan daiteke ematen den finantzaketa. Programaren onuradun izan daitezke hamar langiletik gorako ETEak, antolakuntzako aldaketekin zerikusia duten kudeaketako hobekuntza proiektuak egin nahi dituztenak eta neurri berritzaileak aplikatu nahi dituztenak, baina horretarako laguntza profesionala eta ekonomikoa behar dutenak.