Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

CAF konpainiak hiru kontratu lortu ditu Europan, 100 milioi euroren truke

MAIALEN MUSATADI / 2020-06-29/   CAFek gaur egun Amsterdamerako eta Stockholmerako garatzen ari den bi kontratuak zabaltzeko akordioak itxi ditu eta, horrez gain, Napoles hirirako metro-unitateak hornitzeko beste kontratu bat eskuratu du. Horien guztizko bolumena 100 milioi euro ingurukoa da.

Kontratu horiek agerian utzi dute ingurumena eta garraio kolektiboa funtsezko faktoreak diren eta eskakizun handiak izaten dituzten merkatuetako operadoreek enpresan duten konfiantza. Gainera, ezin dugu ahaztu CAFek egindako tranbia eta metroak Europa mailan erreferentzia direla eta dagoeneko kontinenteko hainbat hiritan zirkulazioan daudela: Budapest, Edinburgh, Belgrad, Friburgo, Luxemburg, Tallinn, Nantes, Utrecht, Birmingham, Erroma, Madril, Bartzelona, Helsinki edo Brusela, besteak beste.

Metro-unitateak Napoleserako

Ostiralean, hilaren 22an, CAFek esparru-akordioa sinatu zuen Ente Autonomo Volturnorekin, Italiako Campania eskualdean tren arloko eskualdeko eta metropoliko garraio publikoaren zerbitzuaz arduratzen den sozietatearekin. Akordio horren arabera, 10 metro-unitate hornituko dizkio, 3 urtez mantentze-lan integrala egiteaz arduratuko da eta parkeko piezak hornituko dizkio. CAFek hornitutako trenek eskualdeko hiriburua den Napoles hiriko metrosarearen barruan dagoen Piscinola – Aversa Centro linean emango dute zerbitzua.

Gainera, egun berean, esparru-akordio horren baitako lehen kontratua itxi zuten. 6na kotxek osatuko duten lehen 4 trenen hornikuntza jasotzen du kontratuak. Aurretik Napoleseko metroko 1. linearako Comune di Napolik CAFi kontratatu zizkion 19 trenen ezaugarri berberak dituzten unitateak dira.

Bederatzi tranbia gehiago Amsterdam hirirako

 Gaur egun CAF 63 tranbia-unitate hornitzen ari zaion GVB Activa BV enpresa publikoak, Amsterdam hiriko garraio-operazioaz arduratzen denak, bederatzi tranbia berri erosteko lehen aukera erabili du. 2016ko irailean CAFi esleitutako kontratuak jasotakoaren arabera, hautazko 60 tranbia erosteko aukera du aipatutako enpresak.

Tranbia berriek Amsterdameko sare zabalean zirkulatuko dute. Gaur egun, 200 km baino gehiagoko luzera du sareak eta 16 lineak eta 490 geltokik osatzen dute. Hiriko garraiosistema horrek duen edukiera handitzen lagunduko dute ibilgailu berriek.

Unitateak Urbos plataformakoak dira eta aurrekoen antzeko ezaugarriak izango dituzte. Zoru baxuko eta bi noranzkotako ibilgailua da. Diseinu modernoa azken belaunaldiko ekipoekin bateratzen du, eta horrek irisgarritasun eta erosotasun gorenak zein errendimendu gorena eta operaziorako erraztasuna eskaintzen ditu.

Aspaldikoa da CAFek GVB Activa BVrekin duen harremana; izan ere, 1994. urtean esleitu zioten CAFi 37 unitate hornitzeko proiektua. Unitateak ordutik Herbehereetako hirian dabiltza.

Stockholmerako kontratua handitzea

 Era berean, CAFek Stockholm hiriko garraio-sareaz arduratzen den SL AB (Storstockholms Lokaltrafik) enpresarekin hiri hartarako tranbiak hornitzeko proiektuaren beste zabalkuntza bat sinatu du. Kontratuak beste hamar unitate berriren hornikuntza biltzen du eta dagoeneko Eskandinaviako hiriburuan zirkulatzen duten eta CAFek fabrikatutako aurreko ibilgailuei gehituko zaizkie.

Stockholm hiriak, eskariaren arabera egokituta dagoen garraio-eredu jasangarria garatzeko bere programaren baitan, CAFi esleitu zion 2010. urtearen amaieran 15 tranbia hornitzeko kontratua. Akordio hark 121 unitatera arte iristeko aukera jasotzen zuen eta gerora beste 27 unitate osagarrirekin zabaldu izan dute azken urteotan ondoz ondo egindako zabalkuntzen bidez.

Zoru baxuko bi noranzkotako unitateak dira (haiek ere Urbos plataformakoak) eta hiru kotxek osatzen dituzte. 221 bidaiarirentzako edukiera eskaintzen dute gutxi gorabehera. Gainera, erosotasunari eta segurtasunari dagokienez sistema aurreratuenekin ekipatuta daude, eta bereziki egokituta Eskandinaviako herrialde hartako muturreko baldintza klimatikoetara.

CAF SIGNALLINGI ESLEITU DIZKIOTE ADIFENTZAKO BI SEINALEZTAPEN KONTRATU

Gaur egun, CAF Taldeak, CAF Signalling filialaren bidez, gero eta presentzia handiagoa du Espainiako seinaleztapen sektorean ADIFek duela gutxi esleitu dizkion bi kontratu berriei esker. Horien guztizko zenbatekoa 30 milioi eurokoa da.

Alde batetik, CAF Signallingi esleitu diote Asunción Universidadeko (Leon) eta Guardoko (Palentzia) geltokien arteko tarteko blokeo telefonikoa kentzeko obren kontratua. Lanak gauzatzeko epea 18 hilabetekoa da eta Leon-Guardo zabalera metrikoko linean egin beharrekoak dira. Egin beharreko lanek Zirkulazioaren Kontrol Zentralizatuko Postutik (CTC) teleaginte bidez erregulatutako blokeo automatikoen egungo sistema ordezkatzeko beharrezko segurtasuneko eta komunikazioetako instalazioen ekipamendua biltzen dute.

Era berean, CAF Taldeko filiala aukeratu dute Utrera-Fuente de Piedra Bidebanatzeko Lineako Arahal (Sevilla)-Fuente de Piedra (Malaga) tarterako Zirkulazioaren Kontrol Zentralizatuarekin kantoi bakarreko (BLAU) liberazio automatikoko blokeoa eraikitzeko proiektua egingo duen kontratua gauzatzeko. Lanak egiteko 23 hilabeteko epea izango du.

Bi lan horiek blokeo telefonikoak kentzeko ADIFek abian jarritako planaren baitan sartuta daude. Horri esker, instalazioen segurtasuna, fidagarritasuna, eskuragarritasuna eta mantentzea nabarmen hobe daitezke.