MAIALEN MUSATADI / 2020-07-15/ Iberdrola konpainiak, Ailes Marines filialaren bidez, kontratu bat esleitu dio Navantia-Windar aldi baterako enpresa-elkarteari, 350 milioi euroren truke. Horrela, Navantia-Windarrek bere historiako itsas eolikoaren enkargurik handiena denaren fabrikazioa jarriko du martxan. Operazioak barne hartzen du 62 jacket eraiki eta muntatzea, baita horiei dagozkien piloteak ere, Iberdrola Frantziako uretan garatzen ari den Saint-Brieuc offshore parke eolikorako.

Hain zuzen ere, jacketak Navantiak Fenen (Galizia) dituen instalazioetan egingo ditu, eta pilotuak Windarrek Avilesen (Asturias) duen egoitzan. Azpimultzo guztien azken mihiztadura Navantiaren ontziola galiziarraren instalazioetan egingo da.

Esleipenari esker, sei urte baino gehiagoko harremana finkatu da Iberdrolaren eta Navantia-Windarren artean, 1.000 milioi euro inguruko kontratuak batuta, Wikinger (Alemania) eta East Anglia One (Erresuma Batua) itsas parke eolikoetarako egindako enkarguak barne.

Eragiketak zuzeneko enplegua emango die 1.000 profesional ingururi Galizian eta Asturiasen, eta 1.100 baino gehiagori Frantzian, Navantia-Windarrek lehen aldiz irekiko baitu lantegia Frantzian proiektua osatzeko. Izan ere, Bresten planta bat irekiko du, eta, bertan, stabbingak, beheko korapiloak eta parkeko 62 jacketetik 34rentzako sareta-egitura fabrikatuko dira. Gainera, zuzeneko lan horiei tokiko kontratistetan sortuko diren milaka enpleguak gehituko zaizkie, bai Espainian, bai Frantzian.

Egilea Andoni Beitia