Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Gipuzkoakoak 825.000 euro bideratuko ditu ekonomia suspertzeko eskualdeen bitartez

MAIALEN MUSATADI / 2020-09-03/  Foru Aldundiak jakinarazi du eskualdeko ikuspegiaren ekarpenaren bidez Gipuzkoako sare sozioekonomikoa suspertzeko programaren dirulaguntzak emango direla. Dirulaguntza horietara 825.000 euro bideratuko dira 2020. eta 2021. urteen artean.  Programa horren bidez, eskualde mailako estrategiak, gaitasunak eta dinamikak bultzatzen dira, eremu sozioekonomikoa berraktibatzeko, helburutzat hartuta jarduera ekonomikoa, enplegua, gaitasun lehiakorra eta eskualdeen kohesio soziala mantentzea eta indartzea, “Inoiz baino premiazkoagoa den erronka, pandemiak eragindako krisiaren aurrean. Lankidetza gure indarguneetako bat izan da beti, eta egoera honetan gure iparrorratz izaten jarraitu behar du”, adierazi du Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatuak.

Diputatuak azpimarratu duenez, lurraldeko eskualde guztiek jasoko dituzte deialdi honetako laguntzak.   Oarsoaldeko Garapen Agentziak 97.500 euro jasoko ditu; Bidasoaldeak, 98.500; Donostia Sustapenak, 50.000; Goierriko Ekimenak, 73.000; Iraurgi Lantzenek, 68.000; Debabarrenako Eskualde Agentziak, 82.000; Tolosaldea Garatzenek, 65.000; Urola Garaiak, 67.800; Debagoiena eta Urola Kostako mankomunitateek, 75.000 eta 74.200, hurrenez hurren; eta Andoaingo Udalak 74.000 euro jasoko ditu, Beterri eskualdean ekonomia suspertzeko plan bat garatzeko.

Deialdiaren helburua da, epe laburrean, Covid-19aren eragina minimizatzea, eskualde mailako erakundeen gaitasunak indartuz, ETEei eta autonomoei lehentasuna emanez.  Epe ertain-luzera, eskualde mailako sareak eta aliantzak sendotu nahi dira, eskualde bakoitzaren berezitasunetara egokitutako sustapen ekonomikoko estrategiak garatu ahal izateko, haien indarguneetan eta ahulguneetan oinarrituta, pandemiak ekarritako erronka eta aukera berriei erantzuna emateko.  “Funtsean, garapen agentzien eta eskualdeko eragileen hurbiltasuna, haien ezagutza eta sare ekonomikoan sartzeko gaitasuna aprobetxatu nahi ditugu, krisiak enpleguan eta jarduera ekonomikoan duen eragina arintzeko, eta lankidetzan, ahalik eta azkarren suspertzeko oinarriak jartzeko”, adierazi du diputatuak.

Hala, erakunde onuradunen artean daude Gipuzkoako tokiko garapenerako eskualde-agentziak, zeinak osatzen baitituzte tokiko erakundeek, mankomunitateek eta eskualdean garapen agentziarik ez duten Gipuzkoako udalek.  Urteko deialdi hau egokitu egin da Covid-19ak sortutako krisiaren ondorioak minimizatzen eta suspertze sozioekonomikoa bultzatzen laguntzen duten prozesuak eta dinamikak sustatzen dituzten proiektuak lehenesteko, betiere honako hauen ingurukoak badira: eskualdearen egoera aztertzea, azterketa estrategikorako tresnak erabiliz (PESTEL, AMIA …); Eskualdeko Plan Estrategikoa eguneratzetik eratorritako lan-ildoak eta lehentasunak finkatzea; eskualdeko eragileen mapaketa sozioekonomikoa egitea; eta eskualdeko jarduera ekonomikoen iraunkortasunerako beharrezko baliabideak jartzea.

Proiektu guztiek bat egiten dute Covid-19aren eragina jarduera ekonomikoan eta enpleguan minimizatzeko helburuarekin, bereziki sektore kalteberenen artean, abiapuntutzat hartuta erakundeak, enpresak, elkarteak eta herritarrak, besteak beste, bilduko dituen elkarlaneko gobernantza eredu bat.  “Jarduera ekonomikoaren sustapenean oinarritutako ikuspegia partekatzen dugu eskualdeekin, Gipuzkoak bereizgarri duen gizarte-kohesioa indartzeko oinarri gisa.  Gure egiteko modua ezaugarritzen duten balio batzuk daude, eta horiei esker lehenago ere gainditu ahal izan ditugu oso egoera zailak, eta oraingoan ere  horrela izango da”, errebindikatu du Lasak.

Jarduketa horiek 2020ko martxoaren 14tik 2021eko apirilaren 30era bitartean egin beharko dira. Ekonomia Sustapeneko Departamentuko oinarrizko deialdietan bezala, programa honen aurrekontu zuzkidurari eutsi zaio, eskualdeetako eragileei ere baliabideak errazteko; izan ere, epe laburrean ahaleginak egin behar izan dituzte krisiaren ondorioak arintzeko, eta horrek eragina izan du haien egoera ekonomikoan.