Hori bai, agindu du autonomia erkidegoekin eta udalekin ere elkarlanean arituko dela.

IKER PLAZAOLA /2020-10-10/ Pedro Sanchez presidenteak berretsi egin du Moncloako bere bulegotik gidatuko dutela diruen banaketa eta erabilera. Hori bai, agindu du autonomia erkidegoekin eta udalekin ere elkarlanean arituko dela, baina baita enpresekin ere, haien proiektuak ere finantzatuko dituztelako.

Hitzaldi luzea eginagatik, zenbaki asko eman baitzituen Espainiako presidenteak, iragarpen zehatz gutxi eman zituen. Horien artean, haren gobernuak 2021-2023ko urteetan 72.000 milioi euro gastatuko dituela suspertze plan horretan, Bruselak agindutako 140.000 milioi euroren ia erdiak.

Dirua aurreratzeko prest dago Madril, «ekonomia biziberritzeko eta modernizazioa bizkortzeko». Lehen 27.000 milioi euroak 2021erako aurrekontuetan agertuko direnez, dei egin die alderdi politikoei arduraz jokatzeko eta kontu horien onarpena ez trabatzeko. 

Diruaren %37 trantsizio energetikorako eta ingurumenaren aldeko neurrietarako erabiliko da —EBk finkatutako gutxieneko kopuru bat da hori—, eta %33, berriz, ekonomia eta gizartea digitalizatzeko —EBk %20ko gutxieneko muga jarri du—.

Genero berdintasuna eta lurraldeen arteko desberdintasunak txikitzea izango dira beste ardatzak. Ingurumenarekin eta azpiegiturekin lotutako proiektuek ez ezik, hezkuntzak, zientziak, kulturak eta kirolek ere jasoko dute dirua. Espainiako Gobernuak kalkulatu du 800.000 enplegu sortu ahal izango direla diru horri esker eta eragingo duen inbertsio pribatuari esker.

EAE jokoz kanpo

Gaitz guztien konponbidea bilakatzen ari da Europako Batasunaren Next Generation plana, koronabirusaren krisia gainditzeko formula magikoa. Haren zain daude Hego Euskal Herriko erakundeak beren proiektu kuttunak aurrera ateratzeko, baina galbahe handi bat igaro beharko dute aurretik: Espainiako Gobernuarena.

Egilea Admin