IKER PLAZAOLA /2020-10-13/

Pentsio sistemaren erreforma lantzen ari den Espainiako Kongresuko lantaldeak aurki amaituko ditu bere egitekoak, eta Pedro Sanchezen gobernuari igorriko dizkio bere gomendioak, lanak hasi eta lau urte geroago. Hala jakinarazi dute batzordeko iturriek. Orain arte ezagutarazi dituzten akordioen artean bat nabarmendu dute: pentsioak KPI errealaren arabera eguneratzea. Proposamen hori aurreko legegintzaldian ere hitzartu zuten, eta, funtsean, puntu horretan eta beste batzuetan lantaldeko kideek 2019an adostutakoari eutsiko diote. Baina badaude berritasun batzuk ere: adibidez, pentsioa kalkulatzeko orduan kontuan hartzea 25 urtean egindako kotizaziorik onenak eta ez azkenengoak.

Beste gai batzuetan, adostasuna ez da erabatekoa. Adibidez, erretiro aurreratuak mugatzea proposatuko dute, benetako adina legezko adinera hurbiltzeko. Baina 2011ko erreformaren arabera, erretiroa 65 urtetik 67ra igoko da 2027an, eta erabaki hori bertan behera uzteko eskatu dute batzordeko kide den Unidas Podemosek eta Espainiako sindikatu nagusiek, besteak beste. Lantaldeak, baina, ez du indargabetzea proposatuko, baina bai horren ondorioak aztertzeko.

Pentsioen sistemaren finantzaketari dagokionez, berriz, adostasuna legoke zerga orokorrez gain beste baliabide batzuk erabiltzeko, baina ez dute zehaztu zein. Halaber, badirudi alderdi guztiek eskatuko dutela estatuak bere gain har dezala orain arte pentsioen sistemarenak izan ez diren gastu batzuk, hala nola familientzako laguntza eta hobariak.

Horrez gain, lantaldeak galdegingo du langile publikoek 60 urterekin erretiratzeagatik egun dituzten baldintzak mantentzea, eta autonomoen erregimena araubide orokorrera hurbiltzea, diru sarrera errealengatik kotiza dezaten eta pentsio handiagoak eta estaldura hobeak izateko.

Halaber, gobernuari eskatuko diote emakume eta gazteentzako laguntzak hobetzeko eta pentsiodunei, kotizaziopekoak izan zein ez, gutxieneko errenta bat ziurtatzeko; horretarako, gobernuari proposatuko diote adierazle bat ezartzeko, pentsio nahikoa zer den eta zer ez zehazteko

Bestalde, atzo, astelehenero legez, mobilizazioak egin zituzten Hego Euskal Herriko hainbat hiritan, pentsiodunen elkarteek deituta. Urriaren 31rako mobilizazio handi bat prestatzen ari direla jakinarazi zuten .

Egilea Admin