Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Hegaluzearen kuota 35.000 tonara igotzea eskatu dute arrantzaleek

ANDONI BEITIA/ Hegaluzearen arrantzan diharduen Kantauriko baxura flotak harrapaketen topeak igo nahi dituzte datorren urterako, 35.000 tonakoa izango litzatekeela, orain hartzen dena baino 1.400 tona gehiago. Honela, Hegoaldeko Uretako Aholku Batzordeak Europako Batzordean bere eskabidea aurkeztuko du azaroan Mallorcan ospatuko den Atun Atlantikoa Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordean.

Espainia, Portugal eta Frantziako arrantza sektoreko arduradunak, gobernuz kanpoko erakundeak eta merkaturatze sektoreko kideak daude ordezkatuta Europa Hegoaldeko Uretako Aholku Batzordean. Bruselan ez ezik, Espainia, Frantzia eta Portugaleko gobernuei ere aurkeztu dizkie hegaluze harrapaketen muga handitzeko eskaera. Izan ere, herrialde hauetako banderapean dauden ontziek hartzen baitute parte hegaluzearen arrantzaldian. Azken erabakia ICCATek hartuko du hila bete barru egingo duen urteko batzar nagusian.

Hegaluzearen arrantzaldiak garrantzi itzela dauka Bizkaia eta Gipuzkoako arrantza sektorearentzat. Izan ere, Hondarribia, Orio, Getaria, Ondarroa, Lekeitio eta Bermeoko arrantzaleek kanpaina horretatik lortzen dute urteko irabazien erdia baino gehiago. Azken hiru urteetan, baina, Kantauriko ontziek utzi egin behar izan diote hegaluzea arrantzatzeari dagokien urteko kuota agortu izanagatik. 2017 urtean, urriaren 5ean bukatu behar izan zuten arrantzaldia, 2018an abuztuaren 23an eta aurten abuztuaren 27an. Gauzak horrela, hegaluzearen harrapaketa topea igo nahi dute arrantzaleek datorren urteko arran-tzaldia ahalik eta gehian luza dadin. “Hegaluzearen arrantzaldia urteko garrantzitsuena da gure arrantzaleentzat eta azken urteetan nahi baino goizago amaitu behar izan dugu gure jarduna kuota agortu dugulako. Hegaluze asko dago itsasoan eta begi onez ikusiko genuke gehienezko harrapaketa topea handitzea” adierazi dute Bizkaiko kofradietatik.

ICCATek harrapaketa kontrola-tzeko arau bat ezarri zuen hegaluzearentzat. Arau horrek egonkortasun klausula bat jasotzen zuen eta horren arabera TACaren gehieneko aldaketa ez zen %20koa baino handiagoa izango aurreko TACarekin alderatuta. Kontrol arauaren aplikazioak 33.600 tonako TAC egonkorra ezarri zuen 2018-2020 aldirako, hau da, 2017ko harrapaketa muga baino %20 gehiago. Azken bi urteetan ikusitakoaren arabera, baina, garbi geratu da ezarritako topeak ez dituela hasetzen hegaluzearen arrantzaldian parte hartzen duten ontziek beharrak, Kantauriko flotarenak batez ere.

Gauzak horrela, ICCATeko Ikerketa eta Estatistiken Batzorde Iraunkorrak (SCRS) alternatiba batzuk aztertu ditu eta aholkatu du kontrol arau alternatiboak har daitezkeela arrantza flotei egonkortasun gehigarria emateko, kudeaketaren helburuak betetzeari kalterik egin gabe. Aukera horien artean dago TACaren murrizketak gehienez %20ra muga-tzea eta igoerak gehienez %25era mugatzea, beti ere hegaluze biomasa osasuntsu badago.

Gauzak horrela, gehieneko harrapaketa onargarriaren igoera %20koa izan beharrean, %25ekoa izatea adostu izan balitz urteko topea 35.000 tonakoa izango litzateke datorren urterako.

madrilen erantzunik gabeArestian esan bezala, euskal kofradiek eta Europako Hegoaldeko Uretako Aholku Batzordeko gainerako kideek Bruselan, Lisboan, Parisen eta Madrilen aurkeztu dute hegaluzearen harrapaketa topea igotzeko proposamena. Kontua da, España, Frantzia eta Portugaleko gobernuek ez diela kasurik ere egin arrantzaleei eta ICCATen urteko batzarra prestatzeko Bruselan egindako batzarretan ez dute hegaluzea aipatu ere egin. Egoera ikusita, ostiralean bertan idatziak bidali dituzte hiru gobernuetara Europako Batzordean eska dezaten hegaluzearen harrapaketa topea igotzeko proposamena ICCATen urteko batzarraren agendan egon dadila. “Sinestezina da baina ez digute kasurik ere egin guretzat garran-tzia handia duen kontu honetan” salatu dute Bizkaiko kofradietatik.

Luis Planas, Espainiako Nekazaritza eta Arrantza ministroak esan du ICCATen batzarrak tunido tropikalen eta marrazoaren egoerea konpontzeko ahaleginak egin behar dituela bereziki eta ez du hegaluzearen gaineko proposamena aipatu ere egin.

Beste alde batetik, Espainiako banderapean arrantzan egiten daben on-tzientzat hegaluzearen arrantzaldia abuztuaren 27tik itxita egon arren, Kantauriko hegaluzea dago salgai Espainiako merkatuetan. Izan ere, Frantziako ontzi pelagikoek arran-tzan segitzen dute Galiziako kostaldetik hurbil eta Celeiroko portuan saltzen dituzte euren harrapaketak. Ontzi hauen jarduna kontrolatzeko eskatu dute euskal arrantzaleek behin baino gehiagotan. “Frantziako ontziek gure kuotaren erdia ere ez dute, gurekin batera hasten dira arrantzan baina badirudi kuota ez zaiela inoiz bukatzen. Gu abuztuaren 27tik gaude hegaluzerik harrapatu ezinda eta frantziarrek itsasoan jarraitzen dute. Guk badakigu arrain asko botatzen dutela itsasora eta horregaitik eska-tzen diogu Bruselari pelagikoen jarduna kontrola dezan” diote Bizkaiko kofradietatik.