Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Elecnor Telekomunikazioak enpresako langileek greba mugagabean

MAIALEN MUSATADI /2019-11-11/ Telefonicak Araban duen Elecnor Telekomunikazioak enpresako langileek abenduaren 9tik aurrera greba mugagabea hasiko dutela adierazi dute, “enpresak egoera bideratzeko eta langileentzako baldintza duinak negoziatzeko neurririk hartzen ez badu”.

LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, langileek laugarren greba jardunaldia “arrakastaz” egin dute ostiral honetan. Elkarretaratzeak egin dituzte Lakua auzoko Telefonicaren eraikinaren aurrean eta Gasteizko General Loma plazako Telefonicaren dendaren aurrean. Era berean, “protestaren tonua igotzea” erabaki dute langileek, eta bosgarren greba egunera deitu dute azaroaren 22rako.

Protestetan “gutxienezko baldintzak” negoziatzeko konpainiaren “borondate falta” salatu dute langileek, eta urte amaierarako greba mugagabe batekin bukatu den mobilizazioen egutegi bat garatuko dutela iragarri dute.

Bestalde, Araban hasitako aldarrikapenak “hedatzen” ari direla jakinarazi dute, eta aste honetan egin dute lehen bilera Gasteizen Telefonicako azpikontratetako langileen ordezkariek eta Telefonicak berak. Ordezkari horiek Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ELA, ESK eta LAB sindikatuetakoak dira.