Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Volotea aerolineak lau aire bide berri ditu Bilbon

MAIALEN MUSATADI / 2019-11-19/ Volotea asturiako aerolineak lau aire-bide berri iragarri ditu Bilboko aireporturako; zehazki, datorren udako denboralditik aurrera, Volotea konpainiak Lyon (Frantzia), Cagliari (Italia), Murtzia eta Menorca izango ditu jomuga.

Eskaintza berriari aurre egiteko, konpainiak beste Boeing 717 bat Loiuko basera bideratuko du, bigarrena. Horri esker, Bizkaiko aireportuan 25 lanpostu berri sortuko ditu Voloteak, eta 75 langile izango ditu orotara.

Voloteako Finantza zuzendari nagusi Iñaki Aguirrek adierazi duenez, “oso pozik gaude Bilbon erritmo honetan hazten jarraitu ahal izateagatik. Dagoeneko milioi erdi bidaiari eraman ditugu, eta gure helmugen eskaintza oso prezio lehiakorretan handitzen jarraitzen dugu. Asmo handiko plan bat aurkeztu genuen 2018an, gure basea ireki genuenean, eta bete dugu “. Izan ere, 2018an basea Loiun ireki zuenetik, aerolineak boskoiztu egin du eserlekuen eskaintza.

Bide berriei buruz

Volotearen lau bide berri horietatik hiru esklusiboak izango dira, hots, ez dago horiek eskaintzen dituen beste konpainiarik. Guztira, airelineak 16 ibilbide egingo ditu Bilbotik, eta 373.000 plaza eskainiko ditu, iaz baino 100.000 gehiago.

Lyonerako eta Murtziarako joan-etorriak esklusiboak izango dira. Alde batetik, Lyonera joateko 16.200 eserleku eskainiko ditu, eta astelehenetan eta ostiraletan izango dira hegaldiak, apirilean hasita. Bestalde, Murtziara bidaiatzeko, 9.100 plaza izango dira, eta asteazkenetan eta larunbatetan egingo dute hegan, maiatzetik aurrera.

Menorcara joateko, 8.800 leku eskainiko dituzte; maiatzean eta ekainean astearteetan eta larunbatetan izango dira hegaldiak, eta uztailean eta abuztuan, berriz, asteazkenetan eta larunbatetan. Azkenik, Cagliari dagokionez, berriz, 5.100 toki izango dira, eta larunbatero hegan egiteko aukera izango da, maiatzetik aurrera.