Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Hegaluzearen merkatuak 13.000 tona mugitzen ditu urtero Euskadin

MAIALEN MUSATADI / 2019-11-26/ Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak emandako datuen arabera, hegaluzearen merkatuak 13.000 tona mugitzen ditu urtero Euskadin. Gehienak, 11.000 tona, arrain freskoarenak dira eta gainerako 2.000 tonak, izoztuarenak. Nahiz eta arrain espezie honen zati bat freskotan jateko erabili, kopururik handiena, kontserba sektoreko enpresek erosten dute. Izan ere, sektore hau euskal elikagaien industriaren jarduera nagusietako bat da. Era berean, esportazioen atalean, jarduera garrantzitsuena da ardogileen sektorearekin batera.

2015. urterik aurrera, % 66an handitu da hegaluze freskoaren euskal merkatua. Igoera horrek zer ikusi zuzena du euskal arrantzaleek azken urteetan lortutako harrapaketa kopuruaren gorakadarekin. Izan ere, iaz Euskadiko arrantza flotak 8.500 tona hegaluze porturatu zituen Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan. Baina, kopuru hori ez da nahikoa kontserba sektorearen beharrak asetzeko eta enpresek nazioarteko merkatura jotzen dute hegaluze fresko gehiago erosteko.

2013 eta 2014. urteetako hegaluzearen kosterak ez ziren oparoak izan euskal flotarentzat, arrain sardak ez baitziren hurbildu Kantauri itsasora. Ondorioz, kanpotik ekarritako merkantzia kopurua nabarmen igo zen eta 2014. urtean euskal merkatuan sartu zen hegaluze freskoaren % 52 beste herrialde batzuetan erositakoa izan zen, guztira 3.000 tona baino gehiago. Hala, arrain horren % 70 Frantziako flotari erosi zitzaion.

Gauzak horrela, nazioarteko merkatuan erositako hegaluze freskoaren zatirik handiena Frantziatik dator. Baina, azken urteetan Irlandako flotari erositako kopurua handitu egin da. Horren adibide da 2013. urtean euskal enpresek nazioarte mailako merkatuan erositako hegaluzearen % 22 bakarrik iritsi zen Irlandatik. Bi urte beranduago, guztizko hori % 57ra igaro zen.

Iaz 2.000 tona hegaluze fresko iritsi ziren Euskadira nazioarteko merkatutik. Zehazki, % 54 Frantziatik, % 38 Irlandatik eta % 7 Portugaletik. Azken bi urteetan aldaketa nabarmenak izan dira hegaluzearen merkatuan eta arrain freskoak aurre hartu dio izoztuari. Hau da, 2014. urteaz geroztik erdira jaitsi da kanpotik ekarritako hegaluze izoztuaren kopurua. 2009. urtean euskal kontserba enpresek ia 7.000 tona hegaluze erosi zuten nazioarteko merkatuan eta % 90 arrain izoztua izan zen. 2017an, berriz, kopuru osoaren % 35 bakarrik izan zen.