Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

EAEko ekonomiak hobera egin du hirugarren hiruhilekoan

MAIALEN MUSATADI / 2019-12-02/ Eustatek argitaratu beri dituen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinak % 2,1 egin du gora 2019ko hirugarren hiruhilekoan, iazko hiruhileko berdinarekin alderatuta. 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, hazkundea % 0,5ekoa izan dela zenbatetsi da.

Hazkunde horiek hamarren batean gainditzen dute joan den urriaren 30eko Hiruhileko Kontu Ekonomikoen Aurrerapenean kalkulatutakoa, eta Euskadiko Barne Produktu Gordinaren urte arteko aldakuntza-tasa inguruneko ekonomia gehienen aldakuntza-tasaren zertxobait gainetik dago.

Enpleguari dagokionez, lanaldi osoko lanpostu baliokide gisa neurtuta, % 1,6 igo da 2018ko hirugarren hiruhileko datuekin alderatuta, eta % 0,4, aurreko hiruhileko datuekin alderatuta.

Eskaintzaren ikuspegitik, eta produkzio-sektoreen bilakaerari erreparatuta, ikus daiteke urte arteko tasek, oro har, gorako joera dutela sektore guztietan, lehen mailako sektorean (nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan) izan ezik, sektore horretan % 1,8 egin baitu behera 2018ko hirugarren hiruhilekoaren aldean.

Industriaren eta energiaren sektoreak 2018. urtearen amaieratik hautemandako gorako joera handi samarrari eusten dio, % 0,7ko urte arteko aldakuntzarekin. Dena dela, urte arteko moteltze horren eraginez, aurreko hiruhilekoaren aldean sektoreak % 0,2ko uzkurdura izan du. Manufaktura-industriaren dinamismoa sektorearen osotasunarena baino ahulagoa da, % 0,3ko urte arteko hazkundearekin eta hiruhileko arteko % 0,4ko atzerapenarekin.

Eraikuntzaren sektoreak aurreko hiruhilekoan hautemandako gorako erritmoari eusten dio, 2018ko hiruhileko berdinaren aldean % 2,9 inguruko tasa positiboarekin. Hiruhileko arteko bilakaera ere positiboa da, aurreko hiruhilekoaren aldean % 1,5eko igoera izan baita (urteko bigarren hiruhilekorako zenbatetsitako hiruhileko arteko aurrerapena apalagoa izan zen, % 0,2koa).

Zerbitzu-sektorearen jarduera globalak aurreko hiruhilekoan hautemandakoa baino bilakaera positiboagoa izan du, % 2,7ko urte arteko hazkundearekin eta % 0,7ko hiruhileko arteko hazkundearekin. Gainerako zerbitzuen azpisektoreak izan du azpisektoreen artean portaerarik onena —azpisektore horretan sartzen dira, besteak beste, jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak, jarduera finantzarioak eta aseguru-jarduerak—. Balio erantsiak % 2,8 egin du gora 2018ko hiruhileko berdinarekiko eta % 0,5 egin du gora aurreko hiruhilekoarekiko. Urte arteko tasa eta hiruhileko arteko tasa urteko bigarren hiruhilekoan zenbatetsitakoak baino hamarren bat txikiagoak dira.

Merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioaren azpisektoreak hazkundea bizkortu du hirugarren hiruhileko honetan, urte arteko kopuruei dagokienez (% 2,6ko hazkundea, % 2,5aren aldean) zein hiruhileko arteko kopuruei dagokienez (% 0,9ko gehikuntza, aurreko hiruhilekoan baino lau hamarren gehiago).

Azkenik, Administrazio Publikoaren, Hezkuntzaren, Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen balio erantsia aurreko urteko hiruhileko berdinean hautemandakoa baino % 2,4 handiagoa da eta 2019ko bigarren hiruhilekoan zenbatetsitakoa baino % 0,6 handiagoa. Urte arteko hazkundea bigarren hiruhilekoan hautemandakoa baino hamarren bat handiagoa da eta hiruhileko arteko hazkundea berbera da.