Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Gipuzkoako Ogasunak 4.450 milioi euro bildu ditu urtarriletik azarora, iaz baino 115 gehiago

MAIALEN MUSATADI / 2019-12-16/ Gipuzkoako Foru Ogasunak 4.450,3 milioi euro bildu ditu urtarriletik azaroa, 2018ko aldi berean baino 115 milioi gehiago, eta horrela, zerga bilketa metatua %2,7 hazi da Gipuzkoan azarora arte, foru erakundeak ostegun honetan jakinarazi duenez.

Hazkundearen zergatia azaltzen dute, batez ere, bi zerga nagusiek izan duten bilakaera positiboek, hazi egin baitira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) bilketak. Eragin negatiboa izan duten elementuen artean, bi zerga hauetan nabarmen igo dira itzulketak, %10etik gora bi kasuetan: PFEZan, amatasun eta aitatasun prestazioen itzulketen eraginez, eta BEZan, esportazioen hazkundea dela eta.

Zifrak xehatuz gero, eta Errentaren gaineko Zergarekin hasita, lan atxikipenen atalean 84,3 milioi euro gehiago jaso ditu Gipuzkoako Ogasunak (+%5,7). Honela, PFEZ bere osotasunean hartuta emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 66,4 milioi euro gehiago batu dira eta (+%4).

Bestalde, honako hiru kontzeptu hauek banatu egiten dira PFEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren artean: gora egin dute kapital higikor eta higiezinen atxikipenek, 7,6 milioi (+%7,9) eta 1,2 milioi (+%2,3), hurrenez hurren, eta behera ondare irabazien gaineko atxikipenek, 14,6 milioi euro gutxiago bildu baitira (-%34,5).

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial sei milioi euro gehiago jaso ditu: sarrera gordinak 30,3 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 36,3 milioi eurotan murriztu dira.

Gipuzkoako Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %1,7 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 21,1 milioi euro gehiago: 14,8 milioitan hazi dira sarrerak (+%1), itzulketak 66,3 milioitan igo dira (+%11,4) eta lurralde arteko doikuntzak 72,5 milioi eurotan hazi dira (+%18,3).

Azkenik, zerga berezien atalean, Hidrokarburoen Zergaren bilketa 37,9 milioi eurotan hazi da (+%11,6), eta tabako laboreen gainekoa 2,6 milioi eurotan (+%2,4). Bukatzeko, estatuarekiko doikuntzen zerga bilketan 29,7 milioi euro gehiago bildu dira BEZan eta 10,2 milioi okertu dira zerga berezienak.