Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Euskal Ekonomiak urtea %2,2ko hazkundearekin bukatuko dela dio Jaurlaritzak

MAIALEN MUSATADI / 2019-12-26/ Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailak 2019ko hirugarren hiruhilekoari dagokion ‘Euskal Ekonomiari buruzko Txostena’ argitaratu du astelehen honetan, eta bertan, “Euskadiko desazelerazioaren amaiera eta egonkortzearen hasiera” egiaztatu direla jakinarazi du. Horrela, 2019ko hazkundeak % 2,2an jarraituko du, eta 2020rako % 1,9ko hazkundea iragarri du, irailean aurreikusitakoa baino hamarren bat txikiagoa.

Gainera, 2019an enpleguak % 1,6 aurrera egitea espero da, eta 2020an % 1,2, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren aurretiazko txostenean aurreikusi zen bezala, hau da, 2019an 15.500 lanpostu inguru eta 2020an 11.500 bat lanpostu sortuko dira. Langabezia tasari dagokionez, aurreikuspenak hobetu egin dira, eta, horien arabera, % 9,7an egongo da 2019an eta % 9,6ra jaitsiko da 2020an, biak bi dezima baino gutxiago.

Urteko hirugarren hiruhilekoan, Euskadiko ekonomia % 2,1 igo zen, urteko lehen erdian baino hamarren bat gutxiago. Emaitza horrek egonkortasun erlatiboaren irudia ematen du Barne Produktu Gordinaren (BPG) bilakaeran, ia ez baitu eraginik urte osorako aurreikusi den eta % 2,2an jarraitzen duen zifran. Beste behin, hiruhileko horretan, EAEko hazkundearen erritmoa Europako batez bestekoa baino askoz handiagoa izan da, bai eurogunearekin (% 1,2) bai Europar Batasunarekin (% 1,4) alderatuta.

Bestalde, hazkundeak eskariaren arabera izan duen banaketak adierazten du inguruko herrialdeekiko hazkunde diferentzia horrek ez dakarrela kanpoko saldoaren ondoriozko dinamismo galerarik, esportazioen eta inportazioen balantzea nahiko neutroa baita.

“Nazioarteko merkataritza geldiarazten duten mehatxuak, Brexit-a eta Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gerra, batez ere, konponbiderako bidean daudela dirudite, baina hirugarren hiruhilekoan erabat indarrean zeuden, eta eragina izan zuten euskal enpresen merkataritza arloko trukeetan”, azaldu dute Jarularitzatik.

Euskadiko kanpo merkataritzak bizi duen geldialdiaren salbuespen nagusia Erresuma Batua da, euskal produktuen salmentek % 38,0 egin baitzuten gora hirugarren hiruhilekoan. Hazkunde handi horrek ia osorik erantzuten dio 222 milioi euroko balioa duten trenbiderako ibilgailuen salmentari, Euskadik herrialde horretara egin duen esportazio osoaren herena baino gehiago hartzen baitu.

Oro gar, ziurgabetasun orokorraren egoerak ez zion eragin barne eskaerari, % 2,0 igo baitzen. Hala ere, kapital eraketa gordinak bultzada galdu duela hauteman da, ekipo ondasunetan egindako inbertsioan, batez ere, % 0,8 baino ez baita igo. Gainerako inbertsioaren portaera hobea izan da, eraikuntzan egindakoa barne, aurreko emaitza hamarren batzuetan hobetu baitzen, % 2,9 igo arte.

Kontsumoa

Alderantziz, azken kontsumoak moteldu egin zuen aurretik erakutsitako desazelerazio leuna, eta hazkunde erritmoa hamarren bat hobetzea lortu zuen (% 2,0). Multzo horrek dituen bi osagaietatik, administrazio publikoen kontsumoa izan zen hobekuntza leunaren arduraduna, % 2,4ko igoera erregistratu baitzuen, aurreko bi hiruhilekoetan baino lau hamarren gehiago. Bestalde, familien kontsumoaren urte arteko erritmoak moteltzen jarraitu zuen, eta %1,8 egin zuen gora, bigarren hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago. Enpleguaren intentsitatea galtzea izan da bilakaera horren arrazoi nagusia.

Bestalde, 2020an industriaren susperraldi txiki bat espero da, aurtengo emaitza lau hamarren hobetuz, %1,1era iritsi arte. Eraikuntzak eta zerbitzuek, berriz, intentsitatea galduko dute epealdiek igaro ahala.

Eskaintzaren ikuspegitik, hirugarren hiruhilekoaren ezaugarria da sektore nagusiek lortutako erritmoei eutsi egin zaiela, lehen sektorean izan ezik, haren balio erantsia nabarmen okertu baitzen (-% 1,8). Hala, industriak % 0,7ko igoera izan zuen, 2019ko lehen bi hiruhilekoetan lortutako aurrerapenen nahiko antzekoa, manufakturen alorra (% 0,3) geldialdira hurbiltzen ari den arren. Bestalde, eraikuntzak %2,9 egin zuen gora, aurreko datuaren antzekoa, baina 2018an lortutako emaitzetatik urrunduz (% 4,1).

Azkenik, zerbitzuen balio erantsia % 2,7 igo zen, aurreko hiruhilekoetako datuen antzera. Sektore hori osatzen duten hiru jarduera blokeetako batek ere ez zuen aldaketa nabarmenik izan aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta ez dago alde handirik bakoitzak erakutsitako zifratan: administrazio publikoarekin erlazionatutako jardueren % 2,4aren eta gainerako zerbitzuen % 2,8aren artean mugitzen dira.

Bukatzeko, enpleguak jarraipena eman zion 2018ko erdialdetik bizi den dezelerazio bide leunari, eta urte arteko hazkundea % 1,6koa izan da. Tasa horren ondorioz, 15.200 lanpostu inguru sortu dira, azken urtean sortutako lanaldi osoko lanpostu garbien baliokideak, hain zuzen ere. Kopuru horretatik, 12.600 lanpostu zerbitzu arloko jardueretan sortu dira, eta, lehen aldiz, sektore hori 700.000 lanpostutik gorako mailara heldu da. Eraikuntzak izandako gorakada ere esanguratsua da (% 2,3), eta industriako enplegua % 0,5 hazi da, 1.000 lanpostu berri baino zertxobait gehiago emanez ekonomiari.