Euskal ekonomiari buruzko euskarazko aldizkari bakarra

Sindikatuek urtarrilaren 30eko greba orokorreko deialdia erregistratu dute ostegunean

MAIALEN MUSATADI / 2020-01-10/ ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuek urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deialdia erregistratu dute ostegun honetan, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna sinatu duten kolektibo sozial eta pentsiodunen elkarteekin batera antolatutako greba orokorrerako eta “enplegu, pentsio eta bizitza duinen” alde “oldarraldira” pasatzeko “nahikoa arrazoi” daudela uste dute sindikatuek.

Deialdia erregistratu aurretik hedabideei egindako adierazpenetan, eta lanuztearekin bat egin duten sindikatu guztietako ordezkariekin batera, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak “kalera irtetera” eraman dituzten arrazoiak baloratu dituzte.

Lakuntzak azpimarratu du “nahikoa arrazoi” daudela greba egiteko. Izan ere, deialdia egin duten sindikatuek, gizarte erakundeek eta pentsiodunek “kezka” azaldu dute “herritarrek pairatzen duten okerragotze progresibo eta nabarmenagatik, pobrezia, soldata arrakala eta batzuek ikusezin bihurtu nahi duten lan eta gizarte prekarietatea direla eta”.

Hori dela eta, adierazi duenez, “geratzen zaigun gauza bakarra kalera ateratzea, tematzea eta estutzea da, Frantziako sindikatuak, pentsiodunak edo mugimendu feminista egiten ari diren bezala, entzutea nahi badugu”. Gaineratu duenez, “etorriko den edozein neurri edo hobekuntza guztion artean egin dezakegun presio sozialarekin zuzenean lotuta egongo da”.

“Beste mugarri bat”

Bestalde, Aranburuk esan du greba orokorra “beste mugarri bat” izango dela langileen borrokan, “sistema erabat bidegabea aldatzeko”. Deitzaileek “ofentsiban” planteatuko dutela ziurtatu du, “lan guztien aitorpen politiko eta soziala eskatzeko, zainketena barne”.

Halaber, joan den urriaren amaieran greba egiteko deiaa egin zutenetik, “kalera ateratzeko arrazoi berriak” daudela gaineratu du, “Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua eta Madrilen PSOEren eta Unidas Podemosen arteko akordio programatikoan jasotakoa” ezagutu ostean.

Ildo horretan, programa horiek kritikatu ditu, sindikatuen ikuspuntutik, “ez dituztelako aintzat hartzen Euskal Herriko Eskubideen Kartan jasotako eskaerak, ezta greba honetara ekarri gaituen aldarrikapen taulan planteatutako neurrietako bat ere”.

Azkenik, Aranburuk gogorarazi duenez, “egun, XXI. mendean, zoritxarrez, lanera joateak Euskadin, gehiegitan, bizia galtzea dakar, eta ezin da ahaztu laneko ezbehar tasa langileekiko indarkeria modu bat dela, eta bere lanpostuan hildako bakar bat jada gehiegi dela”.