Gipuzkoan, ekitaldi honetako lehen hamaika hilabeteetan 4.624,8 milioi euro bildu dira, hau da, 2019ko epe berean, koronabirusaren pandemiaren aurretik, erregistratutakoa baino % 3,9 gehiago, eta lurraldeko susperraldi ekonomikoaren martxa ona berresten du.

Ogasun eta Finantza Sailak gaur argitaratu ditu diru-bilketari buruzko datuak, eta nabarmentzekoa da, halaber, % 13,3 igo dela 2020ko lehen hamaika hilabeteekin alderatuta.

Igoera hori, neurri handiagoan, koronabirusaren osasun-krisiak jarduera ekonomikoan izan zituen ondorioengatik azaltzen da, diru-bilketan atzerakada handia eragin baitzuen. Konparazioa, beraz, ezohiko oinarri baten gainean egiten da, eta aurten foru departamentuak aparteko diru-sarrerak izan ditu.

Hala eta guztiz ere, bilakaera positiboa izan da bai zuzeneko zergen bilketan ( % 8,8ko igoera), bai zeharkakoetan ( % 14,1). Estatuarekiko doikuntzak, bestalde, % 41,1 igo dira 2020aren aldean.

Zerga nagusien artean PFEZaren % 7ko igoera nabarmentzen da, iazko azarora arte baino 124,3 milioi gehiago bildu baitzituen. Zerga horrek modu berezian islatzen du lurraldeko lan-merkatua, ekarpenen zati handi bat gipuzkoarrek lan-etekin gisa ordaintzen dutenari baitagokio. Kasu horretan, aldea 133,6 milioikoa izan da, aurreko ekitaldiko aldi berean baino % 8,4 handiagoa.

Sozietateen gaineko Zerga da lurraldearen jarduera ekonomikoarekin lotura handia duen beste figura bat, kasu honetan enpresaren aldetik, etekinak zergapetzen baititu. Emaitza ere positiboa da, 39,9 milioi eurotan hazi baita, batez ere 44,7 milloiko itzulketen jaitsieragatik, eta diru-sarrerak askoz ere gutxiago jaitsi dira, 4,8 milioi euro.

Kontsumoarekin lotutako BEZa % 14,5 igo zen, 157,1 milioi gehiago bildu baitziren.

Egilea Andoni Beitia