Eusko Jaurlaritzak % 5,6ra murriztu ditu Euskadiko ekonomiaren aurtengo hazkunde-aurreikuspenak, hau da, aurreko kalkuluarekin alderatuta ehuneko 1,1 puntu jaitsi ditu; 2022rako, berriz, % 6,7ko hazkundea espero du, orain arte aurreikusitakoa baino hiru hamarren handiagoa.

Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen ekonomikoen berrikuspenaren berri Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eman du Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, 2022rako Euskadiko Aurrekontuei egindako osoko zuzenketen eztabaidaren hasieran.

Enpleguari dagokionez, aurreikuspenak eguneratzeak ia ez dakar aldaketarik irailekoekin alderatuta. Agertoki berriaren arabera, 13.390 pertsonak aurkituko dute lana 2021ean, eta ia 11.500 pertsonak 2022an.

Enpleguaren bilakaera ona langabezia-tasan islatuko da: aurten % 10,0koa izango da urteko batez bestekoan, eta % 9,2ra jaitsiko da datorren urtean.

Eguneratze hori Eustaten Hiruhileroko Kontu Ekonomikoak argitaratu ondoren egin da, eta Ekonomia Zuzendaritzak aldagai exogeno gisa erabiltzen dituen datuak bildu ondoren.

Azpiazuk ziurtatu du, nolanahi ere, aurreikuspen berri horiek ez dutela aldatzen Euskadiko aurrekontuaren diseinua; izan ere, horietan BPG nominala % 9,3raino igotzea ere jasotzen da, eta hori da euskal kontuetan jasotako diru-sarrerak justifikatzen dituen bilketa-ahalmenarekin lotuta dagoen adierazlea.

Egilea Andoni Beitia