Euskadik, aurten, 11.000 milioi euroetatik 468 milioi jasoko ditu Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean, besteak beste, etxebizitzan, mugikortasun iraunkorrean, hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan eta berriztagarrien sustapenean inbertsioak hedatzeko.

Nadia Calviño Espainiako Gobernuko presidenteordeak jakinarazi duenez, dagoeneko esleitu dituzte 11.000 milioi euro horiek, erkidegoek inbertsioak bideratu eta finantzatu beharreko proiektuak identifika ditzaten.

Euskadiri 468 milioi dagozkio, eta horri gehitu beharko zaio errege-dekretuen eta ministerio-aginduen bidez toki-erakundeen artean banatuko diren 3.000 milioien zatia, Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez.

Espainiako Gobernuak 2021eko aurrekontuetan agertzen diren “Next Generation” funts europarren % 73 inbertitzeko baimena eman du, 17.600 milioi euro inguru, eta gastuaren % 65 konprometituta dago jada, 15.700 milioi inguru.

Gainera, funts horietatik 11.000 milioi euro esleitu zaizkie autonomia-erkidegoei, haiek bidera ditzaten inbertsioak.

Guztira, 2021eko Estatuko Aurrekontu Orokorrek 24.198 milioiko injekzioa jasotzen zuten, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoari zegozkionak.

Espainiako Estatuak aurreikusi du funts horietatik 19.000 milioi inguru jaso dituela Bruselatik urtea itxi aurretik; izan ere, abuztuan baimendutako 9.000 milioiei “datozen asteetan” gehituko zaizkie azaroan eskatutako 10.000 milioiak.

Avatar

Egilea Andoni Beitia