MAIALEN MUSATADI / 2020-01-15/ Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Ezkerraldea eta Uribe Kosta lotuko dituen ur azpiko tunela eraikitzeko proiektuaren idazketa lizitaziora atera du, 10,5 milioi euroan. Azterlana izapidetu eta idatzi ondoren, 33 hilabeteko iraupenarekin, obraren eraikuntza hasiko da.

Tunela eraikitzeko inbertsioa aukeratutako metodoaren araberakoa izango da. Informazio-azterlaneko zenbatespenen arabera, tunelak egiteko makina darabilen metodoak 367 milioi euro inguruko inbertsioak eskatuko luke; kaxoi-sistemak, 403 milioi euro, eta metodo austriarrak, 337 milioi euro.

Hala jakinarazi dute Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak.

Azpiegiturak izango duen trazadura definitzeko eta aukeratzeko 15 hilabeteko azterlanen ondoren, foru-erakundeak aukeratu du nondik igaroko den tunela, eta hiru ibilbideetatik luzeena aukeratu du, baina Bilboko itsasadarraren azpitik tarte laburrena duena. “Aukera seguruena da”, bi foru-arduradunek adierazi dutenez.

Hautatutako sistemak 3.037 metroko luzera izango du, laburrena baino 200 metro gehiago, baina beste biek baino lursailen tratamendu txikiagoa beharko du. Ibilgailuek 3 minutu inguru beharko dituzte tunela gurutzatzeko.

Aurreikuspenen arabera, obra 2028an jarriko da martxan, eta foru-kalkuluen arabera, egunean 51.000 ibilgailu xurgatu ahal izango dira. Sestaoko Ballonti merkataritza-guneko biribilgunearen eta Getxoko Artazako biribilgunearen artean ibiliko da.

Era berean, bi biribilguneak kolapsatzea saihesteko, lotuneak eraikitzea aurreikusten da, bi puntuetan adar zuzen gisa, lurpean eta ubideetan, ibilgailuak errotonda horietan sar ez daitezen.

Zirkulazioa eta lotuneak

Informazio-fasean zehar, azterlanak egin dira oraingo zirkulazio-mugimenduei buruz eta tunela martxan jartzen denean aurreikusten direnei buruz. Zenbatespenen arabera, eguneko, 51.000 ibilgailu erakarriko ditu azpiegiturak, bestez beste; 14.000 ibilgailu aterako ditu La Avanzadatik, 18.000, Max Centerreko zuzengunetik, eta 35.000, Arrontegitik. Lortutako informazioaren bidez, orobat, aurrera egin da tunela sarearekin Artaza eta Ballontiko biribilguneen bidez sarearekin lotzeko irtenbide egokienetan. Helburua da zirkulazioan jariotasuna lortzea eta hirigintza-afekzioak gutxitzea. 2028an aurreikusita dago azpiegitura martxan jartzea. Urte horretako eta ondorengoetako puntuko orduetako trafikoen simulazioa egin da, eta identifikatu da zer mugimenduk behar izango duten berezko adar bat. Hala, ibilgailuak ez dira zertan sartuko biribilgune horietara, nahi duten norabidea hartzeko.

Ezkerralderako proposatu da Portugalete – Sestao, Tunela – Sestao eta Portugalete – Tunela mugimenduak banantzea, lur azpiko adar gisa edo aireko azpiegituren gainetik. Eskuinalderako, Artazako biribilgunearen inguruan ahalik eta afekziorik txikiena sortzeko, baztertu egin dira aireko egiturak; beraz, banandutako mugimendu guztiak tunel bidez bideratuko dira, eta tuneletik datozen ibilgailuei hiru irteera emango zaizkie: Zugazarte, Uribe Kosta eta La Avanzada.

Edozelan ere, eraikuntza-proiektuak optimizatu egin beharko ditu alde bakoitzerako proposatutako irtenbideak; horretarako, tunelaren abiarazteak mugikortasun-azturetan eta sortuko dituen trafiko-mugimenduetan izango duen eraginari buruzko azterlan berriak egingo dira.

Egilea Andoni Beitia