Gizonen bizi-itxaropena, 2020an, 80,7 urtekoa zen, 2019an baino hamarren bat baxuagoa. Emakumeenak 3 hamarren egin du behera, eta 86,3 urtekoa da, Eustatek emandako datuen arabera. Beherakada hori COVID-19aren pandemiak eragindako heriotza-tasa handiaren ondorio da. Heriotza-tasaren gorakada hori egon izan ez balitz, bizi-itxaropena gizonetan 81,3 urtera iritsiko zen eta, emakumeetan, 86,8 urtera; alegia, gizonetan 2019an baino 5 hamarren gehiago eta emamukeetan 2 hamarren gehiago.

Dena den, 2019aren eta 2020aren arteko bizi-itxaropenaren murrizketa hori Espainia osoaren murrizketatik oso urrun dago; izan ere, gizonetan 1,3 urte murriztu da eta, emakumeetan, 1,2 urte, eta azken hori Europar Batasuneko herrialdeetan izan den altuenetako bat da.

Euskal AEko gizon eta emakumeen bizi-itxaropenak gora egin du, gorabehera batzuk izan baditu ere. 1976ko adierazleak aintzat hartuta (69,6 urteko eta 76,9 urteko bizi-itxaropena gizon eta emakumeetan, hurrenez hurren) ikus daiteke emakumeen bizi-itxaropena orain 9,4 urte handiagoa dela eta gizonena 11,1 urte handiagoa dela. Gizonek igarotako urte bakoitzean 3 hil gehiago irabazi dituzte, harik eta 80,7 urtera iritsi arte, eta emakumeek, 2,6 hil gehiago urte bakoitzeko, 86,3 urtera iritsi arte. Bi sexuetako bizi-itxaropenen arteko aldea 5,6 urtera murriztu da; duela 25 urte egon zen alde handiena, 8,7 urtekoa. Nolanahi ere, herrialde garatu gutxik dute bizi-itxaropen hain altua, bereziki emakumeen kasuan.

Tumoreak dira bizi-itxaropenaren urteetarako mehatxu nagusia. Haiek erabat ezabatzea lortuko balitz, gizonen bizitza 4,1 urte luzeagoa izango litzateke eta emakumeena, 2,8 urte luzeagoa. Erkaketa COVID-19 gabeko bizi-itxaropenarekin egiten badugu (81,3 urte gizonetan eta 86,8 emakumeetan), ikusiko dugu gizonetan 4,3 urteko igoera egongo litzatekeela eta emakumeetan, 2,3 urtekoa, igoera txikiagoa. Arinagoak dira, berriz, heriotzaren kanpo-kausek eragindako kalteak; bizitzako 10 hil gutxiago gizonen kasuan eta 4 hil gutxiagokoa emakumeetan. Zifra horiek murriztu egiten dira trafiko-istripuen kasuan: hilabete gizonetan eta kopuru oso txikia emakumeetan. Azken bi egoera horien zifrak ikusten dira heriotza guztiekin eta COVID-19ak eragindako heriotzak kenduta.

Euskal AEko ugalkortasuna sekula ez bezalako muga baxuetan dago erkaketa egitean; izan ere, 2020an, batez bestekoa 1,2koa izan da emakume bakoitzeko, Europar Batasunekoa baino baxuagoa (azken datua 2019koa), 1,53koa baita, eta 1976an izan zen batez bestekotik (2,7 jaiotza) oso urrun, bai eta belaunaldi-txandakatzerako behar den kopurutik (2,1) oso urrun ere. Indize baxuena Bizkaian dago, emakumeko 1,15 jaiotza; Araban, 1,29, eta Gipuzkoan, 1,26.

Gertakari demografikoak aztertzeko adierazleen datuetan oinarrituta, aurreikusteko modukoa da batez beste emakume batek 0,61 lehen jaiotza izatea –alegia, emakumeen herenak ez luke ondorengorik izango–, 0,44 bigarren jaiotza eta 0,15 hirugarren edo ondorengo jaiotza. Hau da, azken kasu horretan, hamar emakumetatik bik baino gutxiagok hirugarren edo ondorengo umea izango dute; alegia, % 81eko beherakada, 1976aren aldean.

Emakumeen ugalkortasuna, beherantz

Euskal AEko emakumeen ugalkortasunaren beste ezaugarrietako bat da amatasunaren batez besteko adin altua; 33 urtekoa da, Europar Batasuneko batez besteko adina baino 2 urte baino gehiagokoa (azken datua 2019koa) eta 1976an baino 4,4 urte gehiagokoa. Arabak du beste bi lurraldeak baino batez besteko adin pixka bat baxuagoa (32,4 urte); Bizkaian batez bestekoa 33,1 urtekoa da eta Gipuzkoan, 33koa.

2020ko ezkontza-tasekin bat etorriz egingo liratekeen lehen ezkontzen ehunekoa gizonen % 34,8ra eta emakumeen % 38,9ra iritsi da. Indize horiek 2019koak baino askoz txikiagoak dira; orduan, 1977tik izan diren baxuenak izan ziren, COVID-19aren ondoriozko konfinamenduen ondorioz. Zehazki, gizonetan jaitsiera ia ehuneko 12 puntukoa izan da (11,9) eta, emakumeetan, 11,6koa. Suposatzen da 2020an ezkontza-tasa mailak apartekoak izan direla, eta urte horretan geroratutako ezkontzak hurrengo urteetan egitea aurreikus liteke.

Ezkontza-tasaren analisiak nabarmentzen du ezkontzeko adinak gora egiten jarraitzen duela. Lehenengo aldiz ezkontzeko batez besteko adina 38 urtekoa da gizonen kasuan, eta 36,2koa, emakumeen kasuan. Baina batez besteko adin hori 7 hilabetean handiagoa da gizonen kasuan eta 8 hilabetean, emakumeen kasuan, 2019arekin alderatuta. Hori igoera handia da; izan ere, azken hamarkadetan hazkundea 2 edo hiru hilabetekoa izan da urte baten eta hurrengoaren artean.

Ugalkortasunarekin gertatzen den bezala, ezkontzen kontzentrazio handia dago adin jakin batzuetan. 10 urtetan baino ez, 30 eta 39 urte bitartean, gizonen % 43 eta emakumeen % 42 ezkontzen dira.

Ohikoena emigrazioak probintzia barneko izaera izatea da, hau da, helmugako udalerria abiapuntuko lurraldean bertan kokatzea; horrela gertatzen da migrazioen erdietan baino gehiagotan (gizonetan, 3,5etik 1,9an; emakumeetan, 3,2tik 1,8an). Aldiz, batez beste, gizonei 1,4 emigrazio dagozkie Euskal AEtik kanpora (emigrazio guztien % 40) eta emakumeek, berriz, mota horretako 1,2 emigrazio egiten dituzte (guztizkoaren % 38).

Lurraldeen arabera, aldea nahiko nabarmena da gizonetan Bizkaiaren eta Arabaren artean: Arabako emigrazioen batez bestekoa 2,8koa da eta Bizkaikoa, 3,7koa pertsonako; Gipuzkoa tartean dago, emigrazioen kopurua, batez beste, 3,4koa baita. Gizonetan dauden alde horiek probintzia barruko mugikortasunaren ondoriozkoak dira; izan ere, Bizkaian 2,2 mugimendu ditu eta Araban, 0,8 baino ez. Lurraldeen arteko mugimenduetan, Araba da nabarmenena, 0,4 mugimendu baititu pertsonako, Bizkaiko kopuruaren bikoitza (0,2); Gipuzkoa tartean dago (0,3). Emakumeek erlazio berak dituzte, baina indizeak txikiagoak dira.

Emakumeen artean, emigrazioaren distantziak behera egin ahala, batez besteko adinak gora egiten du; beraz, lurralde berean mugitzen direnak dira adin gehien dutenak (34,6 urte), eta Euskal AEtik kanpo emigratzen dutenek 33,9 urte dituzte, batez beste. Egoera hori berori gertatzen da gizonen artean, baina batez besteko adin altuagoekin. Hala, gazteenak dira lurralde barruan emigratzen dutenak, batez beste 34 urterekin, eta zaharrenak, berriz, autonomia-erkidegotik kanpora joaten direnak, 35,5 urterekin.

Udalerri barruko bizileku-aldaketak direla eta, mugikortasun handiena dutenak Arabako gizon eta emakumeak dira, batez beste 6,8 eta 6,9 mugimendu baitituzte, hurrenez hurren; eta urrun dituzte Bizkaia eta Gipuzkoa, biek pertsonako 6 lekualdatze ingururekin, batez beste.

Emigrazioak eta bizileku-aldaketak batuz gero, bi sexuetan egindako bizileku-aldaketak, dela udalerri barruan dela udalerritik kanpo, 9,4 izango lirateke.

Avatar

Egilea Andoni Beitia