MAIALEN MUSATADI / 2020-01-15/ Confebask Euskal Enpresaburuen Konfederakuntzaren enpresa bilakaerari buruzko azken buletinaren arabera, jaitsiera txiki bat egon da Euskal Autonomia Erkidegoan 2019. urtea amaitzean, enpresa zein autonomo kopuruei dagokionez, 2018an izandako igoerekin alderatuz. Hain zuzen, urtea amaitzean Gizarte Segurantzan errregistratuta zeuden enpresak 58.958 ziren EAEn, 2018an baino 305 gutxiago, hau da, urte arteko % 0,5eko jaitsiera. Horrela, 2013tik lehen aldiz murriztu da enpresen kopurua.

EAEk 58.958 enpresarekin bukatu zuen 2019, aurreko urtean baino 305 gutxiago

EAEko eta Espainiako Estatuko enpresa kopuruaren bilakaera erreparatuta, abenduan enpresa kopuruaren urte arteko bilakaera berdina izan da, estatuan ere enpresa kopurua %0,5 jaitsi baita. Hori bai, krisiaren aurreko mailarekin konparatuta, EAEn gehiago murriztu da kopurua (-%8,6), estatuan baino (-%4,7).

Halaber, konkurtsoan sartutako enpresa kopuruari dagokionez, joan den urteko hirugarren hiruhilekoan murriztu egin zen, nahiz eta lehen bederatzi hilabeteetako batuketa globala pixka bat hazi den 2018arekin alderatuta.

Azkenik, EAEko autonomo kopuruaren bilakaerari dagokionez, kopuru hori 170.967 pertsonakoa da, 2018 amaitzean baino 1.519 gutxiago, hau da, urte arteko %0,9ko murrizketa izan da.

Egilea Andoni Beitia