2020an, 10 pertsona enplegatu edo gehiagoko enpresa berritzaileen ehunekoa % 31,4ra igo da Euskal AEn, urtebete lehenago baino 0,6 puntu gehiago, Eustatek landutako datuen arabera. Aztertutako bi berrikuntza motak aztertzen badira, % 20,9k produktuaren berrikuntza egiten dute, eta % 27,9k, berriz, negozio-prozesuen berrikuntza. Espainian, 10 pertsona enplegatu edo gehiagoko enpresa berritzaileen ehunekoa % 22,6an geratu da, Euskal AEn baino ehuneko 9 puntu beherago.
Enpresak guztira kontuan hartzen badira, 2020an, Euskal AEko enpresa berritzaileen ehunekoa % 18,6koa izan zen, 2019an baino 0,4 puntu gehiago. % 10,7k produktuan berritu zuten, eta % 16,2k negozio-prozesuetan.
Euskal AEko enpresek 2.788 milioi euroko gastua egin zuten jarduera berritzaileetarako 2020an, 2019an baino % 3,7 gutxiago; izan ere, urte horretan, COVID-19ak eragindako pandemiak gogor jo zuen. Zenbaki hori negozio-zifraren % 1,75 da, 2019ko % 1,59ren gainetik. Jarduera berritzaile horietan, barne I+Gko gastua % 53,4koa izan da, I+G erostea (kanpoko I+G) % 14,9koa, eta beste jarduera berritzaile batzuk gainerako % 31,7a.
Enpresa berritzaileek laguntzak jaso ditzakete finantzaketa publikoaren bidez jarduera berritzaileetarako, erakunde publiko batetik edo gehiagotatik. Hala, enpresa horien % 26,2k finantzaketa publiko mota hori jaso zuten. Jatorriari erreparatuz gero, Eusko Jaurlaritzatik datozenak nabarmentzen dira, enpresa berritzaile guztien % 17,8tan. Toki-administrazioek eta foru-aldundiek enpresa horien % 10,8 eta % 8,0 finantzatu zituzten hurrenez hurren. Estatuko Administrazioak Euskal AEko enpresa berritzaileen % 5,7ri lagundu dio, eta enpresen % 5,5ek Europar Batasuneko finantzaketa jaso du: % 2,9k Horizonte programaren bitartez, eta % 3,3k EBren bestelako finantzaketaren bitartez.
10 pertsona enplegatu edo gehiagoko enpresen kasuan, % 52,3k laguntza publikoak jaso dituzte, eta Eusko Jaurlaritza da berriz ere gehien finantzatu duena, jarduera berritzaileetan gastua duten tamaina horretako enpresen % 39,1. Foru-aldundiek eta toki-administrazioek % 20,8 eta % 10,5 finantzatu dituzte hurrenez hurren; aldiz, Estatuko Administrazioa 10 pertsona enplegatu edo gehiagoko enpresen % 15,5engana heldu da. Europar Batasunak, gainera, % 11,1en finantzaketa egin du: % 7,7 Horizonte 2020 programaren bitartez, eta % 6,0 bestelako europar finantzaketaren bitartez.
Berrikuntza-jardueretarako finantzaketa publikoa jasotzen duten enpresa berritzaileak, jatorriaren arabera ( %). 2018-2020
Guztira | 10 edo gehiago | |
Finantzaketa publikoa jasotzen dute hauetatik (*) | 26,2 | 52,3 |
Eusko Jaurlaritza | 17,8 | 39,1 |
Toki Administrazioa | 10,8 | 10,5 |
Foru-aldundiak | 8,0 | 20,8 |
Administrazio Zentrala | 5,7 | 15,5 |
EBren beste finantzaketa bat | 3,3 | 6,0 |
EBren Horizonte 2020 programa | 2,9 | 7,7 |
(*)enpresek erakunde baten baino gehiagoren finantzaketa jaso dezakete
Data 2021eko Abenduaren 30a
Iturria: Eustat. Berrikuntzaren inkesta
Enpresen erdiak baino gehiagok, % 58,0k, uste du zenbait faktorek jarduera berritzaileak egin ahal izatea oztopatzen dutela
Enpresen % 58,0k uste du faktore jakin batzuek zaildu egiten dutela berrikuntza. Faktore horien artean hauexek daude: “Beste lehentasun batzuk daude zure enpresan”, % 44,8tan; “Kostu handiegiak”, % 35,8tan; “Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko zailtasunak”, % 30,0tan; “Lehia handiegia merkatuan”, % 29,7tan; “Ideia horiek merkatuan duten eskariari buruzko ziurgabetasuna”, % 29,4tan; “Finantzaketarik eza enpresaren barruan” edo “Kanpoko iturri pribatuen finantzaketarik eza”, % 28,4tan eta % 23,9tan hurrenez hurren, besteak beste.
10 pertsona enplegatu edo gehiagoko enpresetan, gehiago dira uste dutenak badirela jarduera berritzaileak egitea zailtzen duten faktoreak, % 65,3raino, eta goiko eragozpen berdinak aipatu dituzte.
Produktua berritu duten enpresetan, guztizko negozio-zifraren % 35,9 produktu berritzaileetatik dator; aldiz, gainerako % 64,1ak aldatu gabeko edo arinki eraldatutako produktuetan du sorburua.
Produktua berritu duten 10 pertsona enplegatu edo gehiagoko enpresetan, zertxobait aldatzen dira ehuneko horiek: negozio-zifraren aldean, produktu berrien edo zertxobait hobetuen eragina % 36,3koa da batez beste.