MAIALEN MUSATADI / 2020-01-22/ Gipuzkoako Foru Aldundiak 5.024,1 milioi euroko zerga bilketarekin itxi du 2019. urtea, aurrekoan baino 186,8 milioi gehiago jasota, alegia, %3,9 gehiago. Horrela, aurreikuspena betetzeaz gain, 49,8 milioi euro gehiago bildu dira.

Eider Mendoza foru erakundeko bozeramaileak kopuruen “balorazio oso positiboa” egin du eta, jakinarazi duenez, zerga guztiek izandako goranzko bilakaeran dago emaitzaren jatorria. “2019 urte ona izan da Gipuzkoaren ekonomiarako eta horren isla dira zifra horiek. Beti esan izan dugu zerga bilketa areagotzeko modurik onena ekonomia sustatzearen alde egitea dela, eta hala erakusten dute emaitza horiek”, adierazi du.

Aste honetako gobernu bilerak aztertutako gaiak eta erabakitako neurrien berri emateko prentsaurrekoa eskaini du astearte honetan Mendozak. Xehetu duenez, diru sarrerek %4,2 gehitu dira, eta itzulketek %5,7ko hazkundea izan dute. Zerga motaren arabera, zuzenekoak %3 igo dira, zeharkakoak %4,3 eta Estatuarekin egindako egokitzapenak %8,3.

Mendozak gogorarazi du urtean zehar bi elementuren eraginari aurre egin behar izan diola Gipuzkoak: batetik, amatasun eta aitatasun prestazioei lotuta zeuden itzulketei, zeinak 30 milioiko langa gainditu duten dagoeneko; bestetik, BEZaren itzulketek izandako hazkundeari, esportazioen gorakadaren eraginez %11 igo baitira. “Hala eta guztiz ere, faktore horiek gainditu eta errekorra lortzeko gai izan da Gipuzkoa, lehen aldiz 5.000 milioi baino gehiago bilduz”, azpimarratu du foru bozeramaileak.

Gaineratu duenez, hazkundearen jatorria “ekonomiaren bilakaeran” kokatu behar da, eta horren lekuko dira enpresen salmentek bizitako %3ko gorakada edo soldata masak azarora arte izandako %3,9ko igoera.

ZERGAK

Zifrak xehetasunez aztertuz gero, errentaren gaineko zergaren alorrean, lan etekinen atalean 93 milioi euro gehiago bildu dira (%5,8 gehiago), lan merkatua sendotzearen eraginez. PFEZaren balantzea positiboa da bere osotasunean, aurreko urtean baino 93,7 milioi gehiago bilduta (%5,3). Honako kontzeptu hauek PFEZaren eta sozietateen gaineko zergaren artean banatuta daude: kapital higiezin eta higigarriaren gaineko atxikipenak 6,8 milioi eta 1,4 milioi gehitu dira (%6,8 eta %2,7, hurrenez hurren). Ondasun irabazien gaineko atxikipenek, aldiz, 8,4 milioiko beherakada izan dute (-%16,3).

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial netoak eragindako zerga sarrerak 2,1 milioi euro egin dute gora: irabazi garbiek 33,1 milioiko beherakada izan dute, eta itzulketek 35,2 milioikoa.

Bestalde, Gipuzkoako Aldundiak kudeatzen duen BEZaren atalean, zerga bilketak % 1,8ko hazkundea izan zuen, hau da, 24 milioi gehiago jaso dira: sarrerek 29,4 milioiko igoera izan zuten (% 1,8), 76,8 milioi gehiago itzuli ziren (% 11), eta lurralde arteko doiketek 71,4 milioiko gorakada izan dute (% 16).

Azkenik, zerga berezien eremuan, hidrokarburoen gaineko zergaren bilketak 60 milioi euroko hazkundea izan du (% 14), eta tabakoari lotutako lanen gaineko zergak 1,7 milioi eurokoa (% 1,5). Estatuarekin izandako doiketek ondorioz jasotako diruaren atalean, BEZari lotuta 41,2 milioi euro gehiago bildu dira, eta zerga berezien eremuan, berriz, 0,6 milioi euro gutxiago.

Avatar

Egilea Andoni Beitia