Gipuzkoako industriak, joan den urte osoan, etengabe erakutsi du sendotasuna eta suspertzeko gaitasuna, EAE osoko dinamikarik handiena izateraino. Eustatek gaur argitaratutako datuen arabera, Gipuzkoako industri jarduerak % 13 egin du gora azarora arte, eta Euskadi osoak % 10,4 egin du gora, aurreko urteko aldi beraren aldean.

Gipuzkoan funtsezkoak diren sektoreen (hala nola makina-erreminta edo garraio-materiala) martxa ona erabakigarria izan da joera positibo horretan, nahiz eta urtearen amaieran oztopoak izan osagaien horniduran eta energia-prezioen garestitzean. Adibidez, azaroan Gipuzkoako industri jarduera urrian baino ia bi puntu gehiago hazi zen, orduan nolabaiteko geldialdia izan baitzen.

Hilabete horretan, gainera, Gipuzkoan industriak bederatzi puntu bizkortu zuen bere jarduera, aurreko urteko azaroarekin alderatuta, eta bilakaera horrek ere EAEko batez bestekoa gainditu zuen, % 6,6ko igoerarekin. Bultzada nabarmen horren ondorioz, Gipuzkoako industria-sektorea egoera onean dago, aurreikuspen ekonomikoak hobetzen ari diren urte berri bati aurre egiteko.

Egilea Andoni Beitia