Eustaten datuen arabera, eta lan-egutegiko termino homogeneoetan, Euskal AEko industria-produkzioa, 2021eko azaroan, 2020ko hil berekoa baino % 6,6 handiagoa izan da. 2021eko lehendabiziko hamaika hilabeteetako balantzearen amaieran, industria-jarduerak % 10,4ko igoera izan du.

Urtaroen eragina zuzenduta, % 1,4 hazi da Euskal AEko industria-produkzioa, 2021eko azaroa eta 2021eko urria alderaturik.

2021eko azaroko indizearen bilakaera positiboa izan da industria-sektore handi guztietan, 2020ko azaroarekin alderaturik. Kontsumo-ondasunek, orotara, % 17,9ko igoera izan dute; Kontsumo-ondasun iraunkorrek % 19,0ko igoera izan dute, eta Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrek % 17,7koa. Kontsumo-ondasun iraunkorrak epigrafean altzariak eta etxeko tresnak fabrikatzeko jarduerak ageri dira. Elikagaien fabrikazioa, prozesatzea eta kontserbazioa, garbiketarako eta higienerako produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea dira, besteak beste, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren sektore handiaren barruko jarduerak.

Ekipo-ondasunak (non dauden motordun ibilgailuen fabrikazioa, tren-makinen eta trenbide-materialaren egitea eta aireontziak edo itsasontziak egitea), bestalde, % 8,6 igo dira aurreko urteko azaroaren aldean.

Energia % 7,3 goratu da 2021eko azaroan urte arteko terminoetan. Sektore horretan sartzen dira energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura eta petrolioa fintzea. Bestalde, Bitarteko ondasunen sektoreak, non sartzen baitira metalurgiako jarduerak eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxu eta plastikozko produktuen fabrikazioa, % 2,2ko igoera izan du.

Xehekiago, Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, honako hauek izan dute urte arteko hazkunderik handiena 2021eko azaroan: Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industriek (% 17,1eko igoera), Makineria eta ekipoak (% 15,6ko igoera) eta Energia elektrikoa, gasa eta lurrunak (% 10,7ko igoera). Aitzitik, sektore hauek dira ekoizpenean jaitsierarik bizi izan dutenak: Kautxua eta plastikoak (% 9,6 behera), Zura, papera eta arte grafikoak (% 4,6) eta Material eta ekipo elektrikoa (% 1,9).

Azaroko Industria-produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da hiru Lurraldeetan: Gipuzkoan % 9,1, Araban % 6,9 eta Bizkaian % 3,9.

2021eko lehendabiziko hamaika hilabeteetako metatuan, Gipuzkoa da hazkunde handiena izan duen lurraldea, 2020ko aldi beraren aldean (% 13,0 gora); ondoren, Bizkaia dago (% 9,3 gora) eta, azkenik, Araba (% 8,1eko hazkundea).

Egilea Andoni Beitia