Arabako Foru Aldundiak 25,3 milioi euro baino gehiagorekin finantzatuko du 2022an gizarte zerbitzuen sarean integratutako hirugarren sektoreko erakundeek kudeatzen dituzten baliabide eta zerbitzuen mantentzea eta indartzea.
10.000 pertsona inguru artatzen dira erantzukizun publikoko zerbitzu horietan, adinekoen, desgaituen eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonen, babesgabetasun egoeran dauden adingabeen eta beste pertsona zaurgarri batzuen eremuetan, eta baztertuta dauden pertsonen gizarteratzea eta enplegua ere sustatzen dira.
Arabako Foru Aldundiak 32 lankidetza hitzarmen ditu kolektibo horien arreta eta inklusiorako foru eskumeneko zentroak, gizarte zerbitzu eta prestazioen zorroaren parte direnak, kudeatzen dituzten hogeiren bat erakunderekin, eta 22 milioi euro inguruko ekarpena egiten du horietarako.
Honako hauek dira erakunde kudeatzaileak: Apdema, Aspace, Beroa Tutoretza Fundazioa, Isabel Orbe-Down Araba, Usoa Tutoretza Fundazioa, Autismo Araba, Gurutze Gorria, Hiesaren aurkako Batzordea, Urgatzi, Asafes, Gao Lacho Drom, Beti Gizartean, Cáritas, Hogar Alavés, Erantsi, Karitateko Alabak, ADAP, Eraiki Bide Fundazioa, Asasam eta Nuevo Futuro.
Elkarte horiek eguneko zentroak, etxebizitzak, zentro okupazionalak, garapen nahasmenduak dituzten haurrentzako arreta goiztiarreko zerbitzua, senideen atsedenerako programak eta familian esku hartzekoak eta landa inguruneko baliabideetara egokitutako garraioa kudeatzen dituzte, besteak beste.
Gizarte erakundeekiko lankidetza horrek ibilbide luzea du lurralde historikoan, eta beti izan du ezaugarritzat gizarte zerbitzuetan erreferentea izan den gizartearen eta boluntarioen mugimendua.