Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten iraupen luzeko 300 langabek parte hartuko dute aurten Euskadiko 20 udalerri edo eskualdetan egingo diren laneratze-proiektuetan, eta 6,5 milioi euroko zuzkidura izango dute Europako funtsetatik. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak hitzarmenak sinatuko ditu 20 herri edo eskualde horiekin, langabezia-tasa handia eta GPIa edo DSBEa jasotzen dutenen kopuru handia detektatu direnekin.

Horietatik hiru arabarrak dira: Amurrio-Laudio aldea eta Gasteizko bi eremu. Zazpi Gipuzkoan daude: Lasarte, Eibar, Zumarraga, Donostiako bi eremu, Irun eta Tolosaldea. Beste hamar Bizkaian daude: Portugalete, Durango, Bilboko bi gune, Barakaldo, Sestao, Leioa-Erandio eta Busturialdea, Enkarterri eta Meatzaldea.

Beraz, enpleguko eta prestakuntzako 20 proiektu misto jarriko dira martxan, orientazio profesionaleko ibilbide pertsonalizatuekin batera. Toki-erakundeak izango dira covid-19ak eragindako inpaktu ekonomikoaren ondorioz beren egoera larriagotu duten parte-hartzaileei gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza integrala emateko ekintzak garatuko dituztenak.

Proiektuak honako hauetara bideratuko dira: udalerri edo auzo behartsuenetan etxebizitzak eta landa-ingurunea hobetzeko lanetara; adinekoen arretara; egoera ahulean dauden taldeak zaintzera; kultura, hezkuntza eta osasuna sustatzera, eta ondare artistikoa eta historikoa berreskuratzera. Baliabideak birziklatzea; energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak; espazio publikoak mantentzea; turismoarekin, aisialdiarekin eta kirolarekin lotutako jarduerak; harrobiak berreskuratzea edo ibilgailu elektrikoak kargatzeko sareak instalatzea eta mantentzea.

Egilea Andoni Beitia