Gasteizek 6,5 milioi bideratuko ditu 710 enplegu sortzeko planera

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak abian jarri dute ‘2021-2022 Enplegu Plana’, 6,5 milioi euroko programa, 710 lanpostu sortzen eta ekonomia suspertzen laguntzeko.

Ekarpenik handiena Eusko Jaurlaritzak egingo du, Lanbideren bidez. 5,67 milioi euro jarriko ditu, eta Udalak gainerako 850.000 euroak ordainduko ditu.

Programa ostegun honetan aurkeztu dute Gorka Urtaran Arabako hiriburuko alkateak, Maider Etxebarria lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapeneko zinegotziak eta Idoia Mendia lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak.

Programa honen bidez 710 enplegu sortu nahi dira, baina emaitzak enpresek aurkezten dituzten kontratuen eskariaren eta ezaugarrien araberakoak izango dira, Arabako hiriburuko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

‘Gasteiz 2021-2022 Enplegu Planak’ bi partida nagusi biltzen ditu: “Eskualdeko Enplegu Plan” orokorrari eskainitakoa, eta gazteentzako plan espezifikoari eskainitakoa, “Gazte Enplegurako Plana”.

‘Eskualdeko Enplegu Plana’ k 4,8 milioi euroko aurrekontua izango du (Eusko Jaurlaritzak eta Lanbidek 4,59 milioi euro jarriko dituzte, eta Gasteizko Udalak 208.800 euro), eta bi jarduera-ildo izango ditu: udal-eremuko zuzeneko kontratazioak eta enpresa pribatuek kontratatzeko laguntzak.

Lehenengo jarduera-ildoaren esparruan, Udalak 157 enplegu zuzen kudeatuko ditu toki-eremuan, udal-arlo eta -erakundeetan erabilgarritasun eta interes publikoko jarduerak garatzeko. Kontratuek sei hilabeteko iraupena izango dute, lanaldiaren % 75, eta udal sail eta zerbitzuen proiektuei dagozkie.

Laguntzak eskuratzeko baldintzak

Parte-hartzaileek langabezian egon beharko dute, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute eta udalerrian erroldatuta egon beharko dute.

Halaber, kolektibo hauetakoren batekoak izan beharko dute: diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titularrak edo onuradunak, iraupen luzeko langabeak, 35 urtetik beherakoak, 45 urtetik gorakoak, edo gizarte-bazterketako arriskuan daudenak.

Lanbidek ezarriko du kontratatutakoen % 15, gutxienez, 55 urtetik gorakoak izatea. Gainera, gutxienez % 30ek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titular edo onuradun izan behar dute, eta % 40k, gutxienez, emakumeak izan behar dute. Lanbidek hasiera batean hautatzen dituen udal-arlo eta -erakundeetako zuzeneko kontratazioak abenduan hasi ziren.

Eskualdeko Enplegu Planaren bigarren jarduera-ildoa Gasteizko enpresa pribatuei zuzendutako kontrataziorako laguntzak abian jartzean datza. Partida horretara bideratutako zenbatekoa 2,97 milioikoa da, eta ildo horren helburua bikoitza da: hiriko enpresa-ehuna berreskuratzea bultzatzea, eta pertsonek enpresa pribatuan enplegua lor dezaten sustatzea.

Era berean, eta lan-merkatuan bidezko sarbidea sustatzeko, emakumeak kontratatzea erabakitzen duten enpresek % 10eko igoera jaso ahal izango dute jaso ditzaketen laguntzetan.

Lanbiden izena emanda dauden eta hirian erroldatuta dauden langabeak kontratatzen dituzten Gasteizko enpresek edo erakundeek 1.500 eta 9.900 euro arteko laguntzak jaso ahal izango dituzte. Beraz, diru-laguntzen ildo horri esker sortutako lanpostuen azken kopurua enpresek aurkezten dituzten kontratuen ezaugarrien araberakoa izango da.

‘Gasteiz 2021-2022 Enplegu Plana’ ren inbertsioa Arabako hiriburuko Udalak bere kabuz egiten duenari gehitzen zaio, laguntza propioekin eta prestakuntza-planekin, eta, guztira, 7,9 milioi euroko aurrekontua du enplegua sustatzeko 2022an.