Cofivacasa eta Sidenor, amiantoagatik kondenatuak

Donostiako epaitegi batek Cofivacasa eta Sidenor Industrial zigortu ditu biriketako minbiziak jota hildako behargin baten familiari 176.000 euroko kalte-ordaina ematera, atzo Asviamiek ohar baten bidez jakinarazi zuenez.

Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak ohar batean azaldu zuenez, langileak Hernaniko Pedro Orbegozo-Acenorren lan egin zuen 1968tik itxi arte, eta, ondoren, Basauriko lantegira eraman zuen bere jarduera, Sidenor S.L. Cofivacasak erosita.

Iturri beraren arabera, langileari biriketako minbizia diagnostikatu zioten 2018ko abuztuan, eta urte horretako azaroan hil zen. 2019ko uztailean, lanbide-gaixotasunaren ondoriozko alarguntza-prestazioa aitortu zitzaion langilearen emazteari, Asviamiek zehaztu duenez.

Osalanen ikerketaren ondoren, hildakoa amiantoaren eraginpean egon zitezkeen langileen fitxategian sartu zuten. Hori dela eta, Asviamiek kondenatutako enpresei eskatu zien “eragindako kaltearen erantzukizuna beren gain hartzeko, sufrimendua biderkatu gabe, epaiak betearazteari uko eginez”.

Amiantoak kondenak sortzen jarraitzen du, biktimei eta haien senideei kalte-ordainak emango dizkien estatuko funts bat sortzeko eztabaidaren erdian.