MAIALEN MUSATADI / 2020-01-31/ Milaka pertsonek egungo politika ekonomikoak eta sozialak aldatzea eskatu dute Bilbon, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak ostegun honetan antolatutako greba orokorraren baitan egindako manifestazioan, eta sindikatu parte hartzaileek iragarri dute udaberrian “borroken loraldi berria” izango dela, bi hilabetean eskakizunak aintzat hartzen ez badira.

‘Lan, pentsio eta bizitza duin batzuen alde’ lelopean izan da greba orokorrerako deialdia, eta ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE Hiru eta Etxalde sindikatuek, pentsionisten mugimenduak, mugimendu feministak eta beste zenbait eragile sozialek bat egin dute.

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak manifestazioaren aurretik egindako adierazpenetan ohartarazi duenez, “ekaitzaren ostean lasaitasuna iritsiko dela uste duena oker dago”, eta bi hilabeteko epean Espainiako, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako gobernuek eskakizunak aintzat hartzen ez badituzte eta politika ekonomikoak eta sozialak aldatzen badituzte, “borroken loraldi berria” iragarri du udaberrirako.

Bestalde, Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren jarrera kritikatu du, eta “patronalaren betaurrekoetatik bakarrik begiratzea” leporatu dio.

Lakuntzak eta Aranburuk Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak sustatutako greba orokorraren antolatzaileen bozeramaile gisa egin dituzte adierazpenak.

Avatar

Egilea Andoni Beitia