Markel Olano ahaldun nagusiak bilera instituzionala izan du astelehen honetan Donostia Unibertsitate Ospitaleko eta Biodonostia OIIko lan-taldearekin, Itziar Pérez Ospitaleko gerentea eta Julio Arrizabalaga Institutuko zuzendari zientifikoa buru zirela. Instalazioak eta ekipamendu teknologikoa bertatik bertara ezagutzeko ez ezik, zentroak foru-erakundearen laguntzarekin garatzen dituen ikerketa-proiektuak bateratzeko ere balio izan du bisitak, eta, horrez gain, GANTT (Gipuzkoa Advanced New therapies Territory) proiektuari lotutako lankidetza estutu du. Proiektu horren helburua Gipuzkoa osasunaren terapia aurreratuen arloan erreferente gisa kokatzea da, hainbat eragileren lankidetzaren bidez.

Topaketan parte hartu dute, baita ere, foru-erakundearen aldetik, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak eta bere lantaldeak. Biodonostiaren ordezkaritza Arantza Abad gerenteak, Adolfo López de Munian Neurozientzien arloko arduradunak, Ander Izeta Tisular Ingeniaritzako arduradunak, Idoia Gurrutxaga Hosptaleko zuzendari medikoak eta Carlos Panizo Hematologia Zerbitzuko buruak osatu dute. Olanok balioetsi egin du Aldundiak eta Biodonostiak sortu zenetik izan duten lankidetza emankorra, eta azpimarratu du institutuak osasun-sistema euskaldun, erresiliente, indartsu eta berritzaile baten abiaburua sinbolizatzen duela. Biodonostiak medikuntza- eta osasun-teknologien ikerketan egiten duen lanak herritarren osasun-laguntza eta ongizatea hobetzeaz gain, aberastasuna, kalitatezko enplegua eta gure ekonomia indartzen ditu.

Bisitan, bi eragileek Biodonostiako proiektuen balantzea egin dute, Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareari laguntzeko programaren babesa baitute. Programa hori Aldundiak garatzen du, erakunde horien ikerketa-ahaleginari eta azpiegitura eta ekipamendu aurreratuetan egiten diren inbertsioei laguntzeko. Azken bi urteetan, foru erakundeak zentroaren 8 proiektu lagundu ditu, 492.000 euroko ekarpenarekin: 5 2021ean eta 3 2020an.

Iaz babestutako ekimenen artean, aipatzekoa da Onkologia Traslazionaleko Laborategirako ekipamendu berrian egindako inbertsioa. Ekipamendu hori honako talde hauek erabiliko dute: bularreko Minbizia, Onkologia Zelularra, Onkologia Molekularra, Ingeniaritza Tisularra, Gaixotasun Hepatikoak eta Gaixotasun Gastrointestinalak. Halaber, ekipamendu berri hori baliagarria izango da Biokologiako Ikerketa Klinikoko Unitate Bateratua, Biokologiarekin eta Magokoekin bat egiteko. Beste proiektuek honako hauek dituzte ardatz: alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) ikertzea; tumore-progresioa eragiten duten ibilbide molekularrak; behazun-minbiziaren diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendua; eta DNAren analisia, datuen analisirako algoritmo konputazionalak garatuz. Gainera, Aldundiak Sonia Alonso ikertzailearen kontratazioa eta jarraipena babestu du, 2019az geroztik talentua erakartzeko eta atxikitzeko Fellows programaren bidez, 121.224 euroko ekarpenarekin 3 urtean.

Azkenik, Aldundiak Viralgen, ViveBiotech eta beste eragile batzuekin batera sustatzen duen GANTT proiektuaren barruan eman beharreko pausoak kontrastatu dira topaketan, Gipuzkoa terapia zelularretan, genikoetan eta RNAko terapietan orientazio industriala duen erreferentziazko lurralde bihurtzeko helburuarekin. – Proiektua hasierako fasean dago, baina itxaropen handiak ditugu. Gipuzkoan eta Euskadin, etorkizuneko medikuntza eta gaixotasun larrien tratamendua irauliko dituen esparru horretan kokatzeko zumeak ditugu. Osakidetzak eta Biodonostiak oso rol garrantzitsua jokatzen dute proiektu honetan, bai fase aurreklinikoak egitean, bai saiakuntza klinikoetan, terapia zelular eta genikoetan, Osakidetza gaur egun egiten ari den Terapia Aurreratuen Unitatearen bidez. Olanok azpimarratu duenez, lehiakortasuna eta ongizatea uztartuko dituen Gipuzkoa eraikitzeko asmoa sinbolizatzen duen proiektua da.

Egilea Andoni Beitia