Beasain eta Bergara arteko A-636 errepideko bidesaria astearte honetan sartu da indarrean. Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutako azaroaren 6ko 4/2020 Foru Arauaren arabera, kanonak ibilgailu motordun guztiei eragingo die, motorrei izan ezik.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak gogorarazi duenez, “Lan handia egin da” inguruko udalerrietan, “Bai BIDEra sartzeko, bai matrikula kontu-zenbakira lotzeko, hori baita bidesariak ordaintzeko modua”.

Mendozak, prentsaurrekoan, azpimarratu du Foru Aldundiak hartzen duela erabakia, “Gipuzkoako Batzar Nagusiek hala erabakitzen baitute”. “Herritarren babesa duen akordio politiko bat dago, bidesaria erabiltzen duenak ordaindu behar duela dioena, horrek foru-erakundearen funtsetan eta eskaini behar dituen gainerako zerbitzuetan eraginik izan ez dezan”, adierazi du, eta gaineratu du “errepideak oso garesti mantentzen direla eta erabiltzen dituzten pertsonek ordaindu behar dutela”.

Gipuzkoako lurraldean bidesari berri honek “arazorik gabe funtzionatuko duela” espero duela esan du, eta urritik herritarren arretarako bulegoak jarri direla martxan inguruko udalerrietan. “Hasieran ez zen mugimendu handirik izan, baina gero eta jende gehiago hurbildu da, eta atzo bertan, udalerrietako batean, 800 pertsona hurbildu ziren”, nabarmendu du.

Aurrez aurreko informazio-guneak Bidegirekin elkarlanean ezarri dira Goierri, Urola Garaia eta Debagoieneko herrietan, eta urtarrilean egongo dira zabalik, errepide horren erabiltzaileen zalantzak argitzeko eta TAG Abiatuan sartzeko izapideak errazteko.

Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi, Zumarraga, Beasain, Legazpi, Bergara, Urretxu eta Antzuolan ezarriko dira puntuak. Horietan guztietan tarifei, deskontuei eta eskaera-inprimakiei buruzko informazioa emango da. Udazkenetik martxan dagoen plangintza honen helburua da erabiltzaileek Abiatu gailua aurrez aurre eskatu ahal izatea edo ibilgailuaren matrikula banku-txartel batekin lotu ahal izatea.

Egilea Andoni Beitia